Areitiok 1979an ezarritako marka gainditu eta errekor berria ezarri du Ibon Aldazabal atzelari berriatuarrak. Errebesez orduko 305 kilometroko abiaduran eman zion pilotari, Daniako (AEB) Abiadura Challengean.
Errekorra lortu zenuenean bateren bat eduki zenuen gogoan bereziki?
Batez ere familia, Euskal Herrian egonda ezin izan zutelako zuzenean ospatu. Hala eta guztiz ere, Gabonetarako Euskal Herrira joan nintzenean, gustura ospatu genuen denok batera.
Ospatu zenuten lorpena?
Bai ederto ospatua izan da. Agian errekorraren inguruko gauzarik bereziena nire koadroko kideengan nirea besteko poztasuna ikustea izan da. Denok batera ospatu genuen eta oso berezia izan da hori niretzako.
Ibon Aldazabal pilotari berriatuarra.
Euskal Herrian ere aritzen zarete AEBtan zaudeten puntistak uda sasoian eta. Markinako Jai Alai Word Tour 2017 anaia Aimarregaz batera jokatzea pozgarria izango da, ezta?
Beti ere zestalariontzat oso polita da Euskal Herriko udako denboraldian parte hartzea, hurbileko publikoaren aurrean. Horrez gain, nire anaiagaz jokatzeko aukera oraindik ere bereziagoa da, bai niretzako bai eta familiarentzako ere. Aimar aurten Mexikora doa bertako denboraldian parte hartzera eta zorterik onena opa diot, badakit maila ona emango duela.
Iaz zenbat aldiz etorri zineten jaioterrira?
Iaz hiru aldiz etortzeko aukera izan nuen, hilabete bi udan, Jai Alai World Tour denboraldirako, gero urrian aste bi, Biarritzeko munduko koparako, eta azkenik, abenduan aste bi Gabonak familiarekin pasatzera.
Euskal Herrira etortzerik pentsa izan duzu?
Hasiera batean zesta punta karrera bukatu eta gero, non geratu erabakia nahiko irekia nuen , baina urteak aurrera pasa ahala herriminak gehiago egin dit. Nere plana beste hiru bat urte AEBn egin eta Euskal Herrira bueltatzea da.
Sokatiran modura, ezagutuko al dugu euskal zesta-punta selekziorik noizbait?
Dudarik barik zesta-punta euskal kirolik unibertsalena da eta oso gustura ikusiko nuke, eta aukeratua izanez gero parte hartu, Euskal Herriko Zesta Punta selekzioan. Horretarako agintariak elkar ulertu behar dute eta kirola eta politika desberdindu.
Zer ematen dizu zesta-puntak, eta ezer kendu dizu?
Zesta puntak dena eman dit. Urte guzti hauetan makina bat jende ezagutu dut, eta leku desberdin askotan jokatzeko aukera izan dut, Mexiko, Kuba, Euskal Herrian, Espainiako estatuko leku desberdin askotan edota AEBtan. Zer edo zeregaz geratzekotan zestari esker egin ditudan lagun guztiekin geratuko nintzateke. Bestalde, esan beharra daukat oso zorte onekoa naizela, ez bait dit ezertxo ere kendu zesta puntak. Aukera hau aprobetxatu nahi nuke Roberto Lekueren lan handia goraipatzeko, 24 urte darama Berriatuko Zesta Eskolan lan ikaragarria egiten eta bera barik.