Garaipenekin hasi dute II. Emakume Master Cup txapelketa Leire Etxaniz Bengoa pilotari etxebarritarrak eta Olatz Arrizabalaga Munduate arteagarrak. Atzo [otsailak 4] jokatu ziren Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako lehen partida gehienak Gasteizko Ogeta pilotalekuan, baina eguenean [otsailak 1] hasi zuen norgehiagoka Lea-Artibai eta Busturialdeko bikoteak.
Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga II. Emakume Master Cup-eko partida jokatzen Gasteizko Ogetan. Argazkia: Arabako Euskal Pilota Elkartea
Maila handian hasi dute, gainera, txapelketa; lehen partida biak alde handiagaz irabazita.
Joana Flaviano eta Amaia Aldai izan zituzten aurkari hasteko, lehen jardunaldian, eta 18 eta 8 irabazi zieten. Bigarren partida bat ere jokatu zuten
Arrate Bergara eta Nagore Bilbaok osatutako bikotearen aurka, eta bigarrenean ere nagusi izan ziren 2017ko txapelketako irabazleak; 18 eta 9 gailendu ziren. “Emaitza ikusita, bigarren partida erraz irabazi genuela badirudi ere, ez zen horrela izan”, azaldu du Leire Etxanizek. Bigarren norgehiagoka gogorra izan zela aitortu du Etxebarriko pilotariak. “Baina aurkariak nekatu egin ziren eta aldea atera genien orduan”.
Hasieragaz pozik agertu da Etxaniz, eta maila berdinean jarraitzea nahi duela adierazi du. Inauteriak direla eta, aste honetan atsedena hartuko dute, eta hurrengo jardunaldia otsailaren erdian izango dela zehaztu du. Oraindik, baina, aurkariak nortzuk izango dituzten zehaztu barik dago.