Lehia izan da nagusi asteburu honetan ere, Lekeitioko trinketean jokatzen ari diren Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketan. Hiruzpalau tantoko aldeagaz lortu dute garaipena irabazleek, markagailuan gora behera nahikoa egon ostean.
Partida bi jokatu ziren
bariku iluntzean [otsailak 2]: Beraza-Etxebarria eta Jaunarena-Foster bikoteen artekoa hasteko, eta Astigarraga-Egaña eta Telleria-Conde bikoteen artekoa, ondoren. Pareko ibili ziren bikoteak, jokaldi dotoreak eskainiz.
Etxebarria, Beraza, Moral epailea, Jaunarena eta Foster. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak gogor hasi ziren, eta
Jaunarena eta Foster konturatu orduko 6-0 jarri ziren markagailuan. Hala ere, partidari buelta eman eta 7-7 berdintzea lortu zuten nafarrak eta lekeitiarrak, eta aurretik joan ziren ia partida osoan. Azken hamarkadan, baina, Jaunarenak, eskuetako minaren ondorioz ezin izan zituen bere efektuak gauzatu eta naiz eta Foster atzean seguru ibili, garaipena Bastida eta Etxebarriarentzako izan zen. 30 eta 26 irabazi zuten elgoibartarrek.
Hiru tantoko aldeagaz nagusitu ziren barikuko bigarren partidan,
Astigarraga eta Egaña. 30 eta 27 irabazi zieten
Telleria eta Conderi partida orekatu eta polit baten ostean. Sakea ezkerretik aterata, tanto ugari lortu zituen Astigarragak, Telleriak berriz, ez zuen bere egunik onena izan. Egañak ondo agindu zuen atzean eta Condek ahal zuen moduan eutsi zion Egañaren erasoari.
Domekako partidak. Ohi bezala, hiru partida jokatu ziren atzo [otsailak 4] goizean.
Pradera mallabiarra eta Gandiaga berriatuarra nagusitu ziren lehenengo norgehiagokan
Beraza eta Etxebarriari 30 eta 24 irabazita. “Mallabia eta Berriatuko gazteak errez samar irabaziko zutela pentsatu arren, elgoibartarrak arazo asko sortu zieten eta hainbat tanto luze eta polit ikusteko aukera izan genuen”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Gandiaga eta Etxebarria seguru ibili ziren atzean eta aurrelarien artean ere ez zen egon nagusitasun nabarmenik. Beraz, nahiko zailtasun eduki zituzten Praderak eta Gandiagak partida irabazteko.
Etxebarria, Beraza, Izarra epailea, Pradera eta Gandiaga. Argazkia: Beteranoen txapelketa
Barikuko partida ahaztu nahirik ondo hasi zuten atzoko norgehiagoka
Telleria mallabiarrak eta Conde elgoibartarrak. Hala ere, aurkari gogorrak izan zituzten
Moral eta Martin lekeitiarrak. Beti atzetik joan ziren arren, apurka-apurka abantaila murriztea lortu zuten lekeitiarrek. Hala ere, 30 eta 25 irabazi zuten Telleriak eta Condek.
Atzoko azken partidan ere, sasoi onean daudela erakutsi zuten
Astigarragak eta Egañak. 30 eta 19 irabazi zieten
Jaunarena eta Fosterri, eta finalera heltzeko faboritoak direla diote antolatzaileek. Tanto bikainak egin zituen Astigarragak aurrean, baina ez zuen Jaunarena kikiltzea lortu. Fosterrek, aldiz, ezin izan zion Egañaren indarrari aurre egin. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskuko mina izan zuen lekeitiarrak eta horren eragina nabaritu zuen.