Abenduaren 16an bermeotarrek Ondarroara egindako
bisita itzultzeko asmoa daukate orain gazte ondarrutarrek. Inauteriak aitzakiatzat hartuta
otsailaren 17an joango dira Ondarroatik Bermeora. Oraingoan bermeotarrak izan dira ondarrutarrei gonbidapena luzatu dietenak eta gonbidapena onartzeko zalantzarik ez dute eduki. Esan dute egun horretarako
gazte autobusa antolatuko dutela eta Bermeon antolatu duten aratusteetako egitarauan parte hartuko dutela.
Gazte autobusean joan ahal izateko Ondarroako
Gaztetxean dagoen zerrendan edo
ogaondarru@gmail.com helbide elektronikoan eman behar da izena.
Ihauteriak ospatzera Bermeora joango dira ondarrutarrak otsailaren 17an.
Mozorrotuta joateko gaia bermeotarrek jarri dute: «aldianak, aldianuek eta olatuk ekarrikuek».
Egun horretarako egitarau zabala antolatu dute bermeotarrek. 12:00etan hasiko da jaia. Plazatik hasita «aldianak eta aldianuek» kalerik kale ibiliko dira, San Martin, Bizkaiko Jaurerria eta Alde Zaharra zeharkatuz; Portu zaharretik hasiko dira, berriz, «olatuek ekarrinikuek», hau da, itsasoko gairen batekin lotutako mozorroa daukatenak; kalejira egingo dute Lamerara arte. 13:30ean jokuen eta apustuen txanda izango da bi taldeen artean. Tartean apustu handia ere egingo dute Taraskan. 15:00etarako jarri dute hitzordua frontoian bertso bazkaria egiteko. Onintza Enbeita muxikarra eta Jon Maia bertsolariak arituko dira bertsotan; esan dute dagoeneko ez dela txartelik geratzen bazkaritarako. Bertso saioa amaitutakoan erromeria egongo da ordu txikietaraino.