Euzkadi S.A. El gen corrupto del PNV liburua argitaratu zuen Ahoztar Zelaieta (Bilbo, 1972) ikerketa kazetariak iaz. Argitalpen horretan eta aurrekoetan egindako diagnosien inguruko zertzeladak eskainiko ditu zapatuan [otsailak 10] Lekeitioko kultur etxean egongo den
PNV eta korrupzioa hitzaldian; saioa 18:00etan hasiko da.
Zure argitalpen guztietan diozu Euskal Herrian ere korrupzioa egon badagoela.
Historia osoan jarraian eman dira ustelkeria kasuak. Eta horren erakusle dira dauden auzipetu guztiak. Ustelkeriaren mataza nahikoa handia da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Mataza horrek korapilo potoloagoak ditu, De Miguel auzia, esaterako, baina ustelkeria kasuak askoz ere gehiago dira.
De Miguel auzia da gehien bistaratu dena?
Mediatikoena izan da. Euskal Herrian ustelkeriaren aurka egiteko fiskal bat bagenu eta hori egunero ETBn EAJren ustelkeriei buruz hitz egiten egongo balitz, akaso ustelkeriaren inguruko imajinario soziala aldatuko litzateke. Baina EAJk ustelkeria kasuak ez aireratzeko tresnak ditu. Enpresariekin, kazetariekin sare bat eginda dauka. Horregaz lortzen du ikuskatzaile kritikoen begiradak beste norabait bideratzea. EAJk gauzak astiro egiteko eta ondo idazteko denbora asko eduki badu ere, dohaintza anonimoetan txapelduna da. Horretarako inguru oso garrantzitsua dauka; enpresariek nahiago izaten dute bezero sare horretan sartu ustelkeria kasuak salatzea baino. Komunikabideek ere ez dute arreta handiegirik jartzen. Ondorioz, iritzi publikoak ere ez dauka ezer. EAJk Pandoraren kutxa handi bat dauka, eta zabalduz gero, ekaitz ugari askatuko lirateke.
Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria. Argazkia: Angula Berria
Beraz, uste dena baino «zabor» gehiago dago gurean.
Hala da. Ikusten dena iceberg-aren punta baino ez da, itsasopean dagoen ustelkeria oso handia da. Autonomia erkidegoan dauden ustelkeria kasuak ikertzeko nahikoa tresna prekarioak egonda ere, zer edo zer ikusten da. Nik diagnosi bat egin dut itsaso barrenean korrote oso garrantzitsuak daudela azaltzeko. Ez gara kostaldera ailegatzen den aparrean geratu behar. EAJren alkate eta kide asko kondenatu izan dira, baina hori guztia ez da ikusten.
Ustelkeriaren erdigunean EAJ dago bakarrik?
EAJk gainerako alderdiek egin ez duten gauza bat egin du ondo: bere sare hori partekatu. Ezker Batuagaz, Eusko Alkartasunagaz, Euskadiko Ezkerragaz, PSEgaz, PPgaz… Ondorioz, PPko enpresari batzuek euskal administraritzatik diru laguntzen bitartez diru pila bat jasotzen dutela ikusi ahal da. Eta ikusiko dituzu baita ere EAJren enpresariak Abiadura Handiko Trenaren esleipenetan PPko enpresariekin eskuz esku lanean. EAJk denbora asko eduki du zulo oso sakonak egiteko, eta zulo horiek ondo estaltzeko; egin duena da zulo horietan ere beste alderdiak sartu. PSOEren gobernuak, esaterako, EAJko burukideek sortutako enpresei eman zien lana. Azken finean, elkar babesten dute.
Ezker abertzalea sare horretatik kanpo dago?
Galdera hori behin baino gehiagotan egin izan didate; PPko kide batzuekin ere harremana daukat, eta haiek ere galdetu izan didate. Nik uste dut aurrekontu garrantzitsua dagoela, milaka eurokoa, eta kazetari zerrenda garrantzitsu bat ere badago EH Bilduren ustelkeria ikertu duena, edota ikertzeko prest egon dena. Ikerketa horiek guztiek babes handia eduki dute, eta ez da ezer atera. Edo oso txarrak izan dira, edo EH Bilduk ez dauka ustelkeria kasu nabarmenik. Nik landu gabe dauden esparruak lantzen ditut. Kazetari gutxi daude EAJri eta PSOEri buruz ikertzen. Beraz, hor dihardut.
Zure diagnosiak egiterakoan, oztopoak aurkitzen dituzu?
Lehenengo sensorea nire ama da. «Kontuz atzamarrak harrapatu barik», «nik ez dizkizut kereilak ordainduko», «zure jarduna dela-eta familian ere sufritzen ari gara», eta antzekoak esaten dizkit. Egia da nik ere familia bat daukadala. Bere garaian, gerra korrespontsal batek ondokoa esan zidan: «Zailagoa da zure aldamenean metro karratu bat egitea Euskal Herrian, Pakistanen egitea baino». Oso ondo baloratzen dira kanpoko ustelkeriaz hitz egiten dutenak, baina hemengo ustelkeriaz hitz egiten dugunean oso gutxi baloratzen gaituzte, errepresioa jasaten dugu… Bakardade pixkat ere sumatzen da. Ez bakarrik senideen artean, zure etxe bezala sentitzen dituzun eragile sozialen artean ere bakarrik sentitzen zara. Ez dago babes ofizialik kriminalizatzen nautenean edo betoa jartzen didatenean. Odola atera arazten didatenean bai, baina ordura arte ez. Eta ni ez naiz Superman. Askotan faltan botatzen da besarkada bat, edo mezu bat, pribatuan bada ere. Oso ondo bizi gara erosotasunean.
Isilik geratu ordez, erosotasunetik atera eta salatu egin behar dugula diozu.
Euskal Herrian ustelkeriaren biktima ugari dude. Alde batetik, gizartea, oro har. Alderdi politikoak ere bai, ikusten baitute euren inguruan infiltrazioa dagoela. Nik arreta horiengan guztiengan jartzen dut. Izorratzen nauena da hemen jende askok ateratzen dituela argazkiak ustelkeriaren ondorioz eskuratutako gaiekin, biktimengan erreparatu barik. Nire lana da biktimen interesa interes guztien gainetik jartzea.
Inoiz inork eskerrak eman dizkizu, pribatuan bada ere?
Bai, bai. Ni ez naiz ezer biktimen konfidentziarik barik. Ni ez naiz ezer, hainbat eta hainbat militante, aktibista eta abarren konfiantza eta konfidentziarik gabe. Nik ez daukat ordenagailu potente bat zeinetan tekla bat sakatu eta Ertzaintzaren edo EAJren gai korapilatsuak azaltzeko fax bat sartzen zaidan. Ni oso kaletarra naiz, han egiten ditut lagunak. Eta kaleko harremanetatik jasotzen dut informazioa. Eta pena da, baina nik uste azken urteetan kazetaritzan eta politikan militantziatik asko jotzen dela, eta ez kaletik. Albistearen iturrira joan beharrean, salaketa egin behar duenari delegaziora joateko eskatzen zaio. Lehen salatzaileari lagundu egiten zitzaion. Kazetariok ere sufritu egiten genuen biktimak sufritzen zuena. Horrek konplizitate puntu bat sortzen zuen. Orain ez da horrela egiten, kultura hori galdu da.
Zure azken liburua bost liburu irakurrienen artean dago Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Zure diagnosia askorengana ailegatu da, hortaz, eta horiek ere zer edo zer pentsatuko dute…
Nire azken liburua salduenen artean egongo da, bai, baina komunikabideek ez didate deitzen. Badakit aho handi bat naizela, eta autokritika hori egiten dut, baina kritika ere bai. Hain txarra naiz nire mezua ez dela entzun nahi? Ez da begiratu behar Ahoztar zoroa den edo ez, Ahoztarrek dioena txorakeriak diren edo arrazoizko hitzak diren baino. Eta horretarako ahotsa eman behar zaio publikoari. Baina aukera hori ematen ez bada, akabo. Nik baliabide gutxi ditut, eta bozgorailu handiek txikioi laguntzen ez badigute, zail daukagu.
Harro zaude egiten duzunagaz?
Noski, niri ikerketa munduan sartzeak askorako balio izan dit. Droga mundua alde batera utzi nuen, eta honetan sartu nintzen. Irabazten atera naiz, duda barik. Baina askotan kosta egiten da mundu honetan aurrera egitea. Urte asko dira, gabezia asko. Mundu honek osasuna eta oro har, bizitza jan egiten dizu.
Aurrera begira, ikerketa munduan jarraituko duzu?
Bai, bai, garrantzitsua da sua piztuta mantentzea. Horregatik jarraituko dut han eta hemen nire datuak eta diagnosiak aireratzen.