Bizkaibus zerbitzuaren aldaketekin kexu dira Ondarroako erabiltzaileak
Lekeitiarrek esan dute ordutegi aldaketekin bost minutu baino ez dituztela irabazten. Ermuan lehen baino denbora gehiago galtzen dela ere gaineratu dute. Ikasleak ere kexu diraBizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzuan urte hasieragaz batera egin dit...
Lekeitiarrek esan dute ordutegi aldaketekin bost minutu baino ez dituztela irabazten. Ermuan lehen baino denbora gehiago galtzen dela ere gaineratu dute. Ikasleak ere kexu dira
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzuan urte hasieragaz batera egin dituen aldaketekin kexu agertu dira Ondarroako erabiltzaileak.Bilborako bidaia zuzenean egiten zuten goizeko bi autobusen irteera 20 minutu atzeratzea erabaki zuten, 06:30era eta 07:30era. Erabaki hori hartzeko arrazoia ordu beretan Lekeitiotik ateratzen zen A3512 lineako autobusen erabiltzaileek Markina-Xemeinen autobusez aldatu eta Ondarroatik zetorrenagaz bat egitea zen, horrela, Gerediaga parean A8 autobidera sartu eta zuzenean Bilboraino joateko.
Baina Ondarroako autobusak 20 minutu atzeratzeak sortu du kexa ondarrutarrengan. Lehenik eta behin, 20 minutu beranduago ateratzen direla esan dute, eta ondoren, gainera, Markina-Xemeinen sartu eta Lekeitiotik datorren autobuseko erabiltzaileak Ondarroakora igo bitartean ere denbora joaten dela. Ondarrutarrak, baina, ez dira kexu diren bakarrak. Lekeitiarren iritziz ere, aldaketa guztiak eginda bost minutu baino ez dituzte aurrezten Bilbora iritsi orduko: «Azkenean ez dakit inor poztu den, aldaketek zer eragin izan duten ikusita». Iurretatik igarotzen den autobusa bakarrik bost minutu beranduago sartzen dela Bilbora esan dute.
Arazoak EHUra joateko
Unibertsitateko ikasleak ere ez daude pozik, eta esan dute Lea-Artibai eskualdetik unibertsitatera iristea arazo bat ari dela bihurtzen. Gaineratu dute Bilbon bertan ikasten dutenentzako arazoa baldin bada 20 minutu beranduago ateratzea, zer esanik ez Leioako unibertsitatera joan behar direnentzat: «Beste autobus bat hartu behar izaten dugu Termibus parean Leioara igotzeko, eta askotan ez gara garaiz iristen». Gaineratu dute goizean Bilbora zuzenean joaten diren autobusak dauden bezala, itzultzeko ere arratsaldean beste hainbeste egotea komeni dela, goizean joateko dagoen arazo bera ez egoteko itzultzerakoan.
Bestalde, Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasle askok Durangon hartzen dute unibertsitatera doan zuzeneko autobusa. Esan dute, arrazoiren bat tarteko, autobusa Durangora berandu iristen baldin bada, ezinezkoa zaiela EHUrako zuzeneko autobusa hartzea, ez baita zain egoten. «Gu bai egoten garela Markina-Xemeinen Lekeitioko autobusaren zain, baina, gero, Durangon ez dira egoten bost minutu ere ikasleak autobusera iristeko».
Horrez gain, Ermutik doan autobusak ere Bilbora heltzeko lehen baino «askoz denbora gehiago» egiten duela diote. Izan ere, lehen Ermuan lau geraleku zeuden, baina, orain, sei geldialdi egiten ditu. «1:20 irauten zuen bidaiak 1:45 inguru irauten du».