Gogo biziz bizitzeko gomendioa egin die gaur goizean [otsailak 8] Victor Kuppers hezitzaile eta hizlari ezagunak
Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako Ilusio Ponpak jardunaldian parte hartu dutenei. Pozik bizi izatearen aukera norberarengan dagoela azpimarratu du.
Eguraldia dela eta hutsegite batzuk egon badira ere, beste urte batez arrakastaz ospatu da Lea Artibai Ikastetxearen jardunaldia. Aretoa bete zuten inguruko enpresa eta erakundeetako ordezkariek irrikaz jarraitu dute ekitaldia. Hausnartu, ideiak ordenatu eta aurretik badakizkien gauzak oroitzera bideratu ditu entzuleak Kuppersek,
psikologia positiboa lantzen duten adituen ezagutzak azaldu dituelarik.
Victor Kuppers hitzaldia ematen.
Pertsona alaiak eta haserrekorrak ezberdintzen dituena
jarrera dela esan du Kuppersek. Pertsona alaiek bizipozez bizitzeko jarrera daukatela azaldu du. «Pertsona onak dira, horrela bizi izatea erabaki dute, gozatzen dakite…». Aukera hori, gainera,
norbere esku dago. «Pertsona baten izaera eta jarrera aldatu egin daitezke. Nahi duzun modukoa izan zaitezke».
Pertsona baten balioa dituen ezagutzei dituen gaitasunak batu eta jarreragaz biderkatuta neurtu daitezkela ere adierazi du. «Baina batez ere berezi egiten duena jarrera da. Zure izaeragatik gogoko izaten zaituzte besteek, ez dakizunagatik».
Puxikak bota dituzte ekitaldiaren amaieran.
Pozik bizi izatea
zaila dela ere aitortu du hizlariak, gizarteak horretan laguntzen ez duelako. «Baina psikologia positiboaren arabera badago beste aukera bat, eta merezi duen borroka da».
Gizarteak bizitzan garrantzitsuena dena ere ahaztu duela ere gogora ekarri du Kuppersek: maite ditugun pertsonekin harremantzea. «Bizitza zoragarria izan daiteke edo kaka bat, zuk aukeratu behar duzu». Une bakoitzean jarrerarik onena aukeratzea dela bizipozaren erantzuna azpimarratu du hezitzaileak.