Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren ligaxkako partidu bi jokatuko dira inauteri domekan [otsailak 11] Lekeitioko Trinketean. Ohi bezala,
10:00etan hasiko dira norgehiagokak, eta oraingoan,
Kaltzakorta-Bastida eta Jaunarena-Foster bikoteen arteko dema izango da lehena. Partidu polita aurreikusten dute antolatzaileek aurreko koadroetan, eta atzeko oreka apurtzen duena irabazle suertatuko dela diote.
Bigarren partida hasi aurretik
2018ko txapelketako argazkia aterako dute parte hartzaile eta epaileek, eta 11:00etan hasiko da eguneko azken partidua. Horretan,
Moral-Martin eta Beraza-Etxabarria bikoteak neurtuko dira. Urteko dema politenetako bat izango dela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. “Bikote biak parekoak dira, eta urteetan ezagutzen direnez joko alai eta bizkorra erabiltzen dute tantua lortzeko”. Pilotariek animaziorik ere ez dute faltako, batez ere lekeitiarrek, eta horrek abantaila txiki bat suposatu dezakeela aitatu dute.
Foster pilotari lekeitiarra txapelketa jolasten. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Txapelketako partiduez gainera,
ospakizuna ere izango dute domekan Beteranoen txapelketako partaide, epaile eta antolatzaileek. Lekeitioko Artolaba Elkartekoek omendu egin nahi dituzte egiten duten lanagatik, eta beraz, ligaxkaren partiduen ondoren, herritik ibilaldi bat egingo dute Lekeitioko toki ikusgarrienak bisitatzeko, eta ondoren bazkaria izango dute Lekeitioko alde zaharreko txokoan.
Artolaba Elkartea. 1995ean sortu zen aurretik Kai-Abixa Elkartean zeuden bazkideekin, eta gaur egun 95 bazkidek osatzen dute. Sortu zenean gehienak arrantzaleak baziren ere, azken urteetan gazte kuadrillak hartzen joan dira zaharrek utzitako tokia. Urtero hainbat ekitaldi egiten dituzte, Zaharren Eguna eta Indiar Eguna besteak beste, eta iaz mus txapelketa ere antolatu zuten hiru erregetara.
Artolaba Elkartearen txokoa. Argazkia: Beteranoen Txapelketa