First Lego League gazteek
zientziarekiko eta teknologiarekiko jakin-mina pizteko asmoagaz antolatutako nazioarteko lehiaketa da. Zeregin jakin baterako robotak eraikitzea du xedea.
Lea-Artibai eskualdeko bi ikastolak parte hartuko dute bihar [otsailak 10] Gasteizko Europa jauregian InnoBasquek antolatuta ospatuko den sailkapen fasean:
Ondarroako Txomin Agirrek eta Markina-Xemeingo Bera Kruzek. Ikasturtean ikasitako guztia plazaratuko dute bihar. 85 herrialde baino gehiagoko 320.000 gaztek parte hartuko dute guztira mundu mailako txapelketan.
Bera Kruzeko ikasle bi First Lego Leaguerako prestakuntzan ikastolan. Argazkia: Bera Kruz ikastola
Lehiaketak parte hartzaile gazteak ingeniari eta zientzialari bihurtzea bilatu nahi du, eta horretarako, antolakuntzak errealitatean oinarritutako arazo bat planteatuko die beraiek robot baten bitartez arazo horri irtenbidea aurkitzeko. Aurtengo arazoak uraren kudeaketaagaz edukiko du zerikusia, eta, horretarako, proiektu zientifiko osoa gauzatu beharko dute. Horrez gain,
10 eta 16 urte bitarteko gazteek eurenganatu dituzten jakintzak baliatuz, Lego Mindstorms teknologia erabili beharko dute Robotaren Jolasa egiteko. Robotak diseinatu, eraiki, frogatu eta programatu beharko dituzte, egungo zientzilarien erronka berak ikertu eta ebazten saiatuz.
First Lego League programa ez da ikasleen arteko lehiaketa soil bat. Lehiaketaren oinarria bere
baloreetan datza: beste ikasleengandik ikastea, lehiakortasun adiskidetsua edukitzea edota ikasleak egindako ikasketak gizarteari laguntzera bideratzea. Prest daude, beraz, bi ikastoletako ikasleak eta euren entrenatzaile edo monitoreak ikasturtean ikasitako guztia
Gasteizen bihar erakusteko.
Txomin Agirreko ikasleak, Ondarroako Alamedan egindako robotika erakustaldi batean. Argazkia: Txomin Agirre ikastola