Odol Emaileen Elkarteak iazko datuak jakitera eman ditu. Lea-Artibaiko odol emateei dagokienez, datuetan “gorabehera handirik” ez dela egon adierazi dute. 2016ko datuekin alderatuta,
leku gehienetan jaitsi egin da odol emate kopurua.
Hala ere, “autosufizientziarako” helburua betetzen dela zehaztu dute: “Alde batetik odolaren erabileraren optimizazioa lortzen delako, eta beste alde batetik, osasun protokoloetan lehen baino odol gutxiago erabiltzen delako”. Era berean, kontrola ere hobea dela azaldu dute.
Hala, odol emate gehiago izan dituztenen artean Ondarroa nabarmendu dute. Hain zuzen,
2017an 2016an baino 23 odol emate gehiago izan zituzten.
Konpromiso eta ekintza solidario honi eustearen garrantzia nabarmendu dute beste behin Odol Emaile Elkarteko ordezkariek. Denen ardura dela eta, odola emateko deia zabaldu dute:?”Odol emaileak eurak dira gure mezulari eta lekukorik onenak”. Hain zuzen, horien laguntza eskertu dute, bai eta erakunde, udal, dendari eta borondatezko lagunena ere.
“Eskualdeetako ordezkaritzetan, fabriketan eta aferesiaren bidez egiten diren odol emateak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako autosufizientziako helburua lortzeko guztiz lagungarriak dira. Izan ere, orokorrean, batez besteko indizeetatik gora gaude. Pozik egoteko modukoak dira dauzkagun datuak”, adierazi dute.
Gogora ekarri dutenez, osasun asistentziaren “gehikuntza progresiboak” gero eta odol emate gehiago eskatzen ditu, osasun sistemak ondo funtzionatu dezan. Hala, odolaren osagaien transfuzioak eta odoletik eratorritako osagaiak ezinbestekoak direla azpimarratu dute gaixo askoren osasunbiderako eta bizi kalitaterako.
DATUAK HERRIZ HERRI:
- BERRIATUA:
- 2017: 31 odol emaile.
- 2016: 39 odol emaile.
- LEKEITIO:
- 2017: 338 odol emaile.
- 2016: 357 odol emaile.
- MARKINA-XEMEIN
- 2017: 286 odol emaile.
- 2016: 386 odol emaile.
- ONDARROA
- 2017: 341 odol emaile.
- 2016: 318 odol emaile.