Atea Eskolaren atzealdeko lurzoruaren zati bat utziko dio Lekeitioko Udalak R. M. Azkue Ikastolari. Joan de astean sinatu zuten erakunde biek lurzoruaren erabilpenaren lagapenerako hitzarmena. Izan ere, ikastolaren hezkuntza proiektu berrian patio bat dago eta horretarako beharrezkoa ikusten dute lurzati hori.
Udalak jakitera eman duenez, gaur egun lurzoru horri lotuta dagoen eraikina, Atea Eskola, heziketa zikloak emateko erabiltzen du IES Lekeitio BHIk. Lursailak
250,16 metro koadro ditu, eta hemendik aurrera gunea
partekatu egingo dute IES Lekeitiok eta Azkue ikastolak. “Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak bidalitako txostenaren arabera, lursaila erabiltzeak ez dio inolako kalterik eragiten Lekeitioko BHIren gaur egungo edo geroagoko irakaskuntza jarduerari”, azaldu du udalak.
Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Jose de la Torre ikastolako zuzendaria eta Ainara Ikaran Ikastolako Lehendakaria hitzarmenak sinatzen. Argazkia: Lekeitioko Udala
Udalak behar ez duen bitartean izango litzateke lagapena eta, edozein kasutan, hezkuntzari lotutako erabilera izango du. Egokitzeko obrak ikastolak egin ditu; udalaren lurzoruak banatzen dituen hesia eta horma kendu eta bota ditu udalari ezelako kosturik eragin barik. Erabilera lagapena
doan izango dela ere gaineratu du udalak, “inolako prezio barik”.
Diru laguntza. Lurzoruaren erabilpenerako hitzarmena ez da, baina, udalak Azkuegaz sinatutako bakarra. Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko akordura ere heldu dira.
Udalari Udalkutxatik dagokion likidazioaren
%0,825 Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko diru laguntza bat bideratzeko adostasuna hartu dute erakunde biek. Finantzatuko diren jarduerak oinarrizkoak eta ikasleen bizigarritasun, irisgarritasun zein segurtasuna bermatzeko izango dira. “Ikastolak herriari egiten dion
ekarpenak alor ezberdinak hartzen ditu, horien artean, herrian egindako hezkuntza, kultura, ingurumen, kirol eta gizarte alorreko jarduerak”. Diru laguntza jaso dezaketen jarduerak elkarlanerako esparruei edota ohiko funtzionamenduari lotuak izan daitezkeela esan dute.