Bizkaiko Foru Aldundiak turismoaren analisi kualitatiborako tresna berri bat ezarri du. 2008tik urtero egiten den Behatokiaren datuez gain, monitore berri bat egongo da,
eskualdeetako turismo-informazioko bulegoetara jotzen duten bidaiariei egindako
inkesta eta elkarrizketen bitartez osatuta.
Aldundiak eman berri dituen datuen arabera, bisitariak bertoko paisaiak, kulturak, gastronomiaik eta jendeak erakarrita egiten dituzte egonaldiak. Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Bizkaira datozen bisitarien esperientziak aztertzearen aldeko apustua sendotu du, eskualde guztietan turismo eskaintza hobetzeko helburuagaz.
Hainbat alderdiri buruz bidaiariek zer iritzi duten ezagutzeko dira aipatu bi azterlanok. Turistek lurraldeaz lehendik dakitenari buruzko, bidaiaren arrazoiez, hautatzen duten ostatu motaz, egiten duten gastuaz, hobetuko lituzketen gauzez eta egin dituzten txangoi buruzko informazioa jasotzen dute.
Asier Alea Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendaria eta Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua iazko datuak emateko agerraldian.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak eta Asier Alea Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak azaldu dutenez, eskualdeetako ostatu eskaria ezagutu gura izan dute. “Turismo jardueraren mota desberdinak adierazten dizkiguten aldeak sumatzen dira”.
Urdaibai, Enkarterri eta Urduña bisitatzen dituztenek gehienbat hoteletan eta landa-hoteletan hartzen dute ostatu.
Lea-Artibain zein Uriben,
kanpinetara jotzen duten bisitarien portzentaia “esanguratsua” da, baita
autokarabanentzako aparkalekuetara joaten direnak ere. Getxon, Portugaleten eta Santurtzin, ostera, hotelak, apopilo-etxeak eta hostelak dira nagusi.
Beste urte batez, bisitariek egin duten
balorazio ona nabarmendu da. “Bilbao-Bizkaia helmugaren balorazioa bikaina da. 2017an, 10etik 9 puntukoa da bisita egin digutenen balorazioa. Bizkaia harritu egiten duen helmuga paregabea da. Paisaiagatik, gastronomiagatik, arkitekturagatik, kulturagatik eta, batez ere, bertoko jendearengatik da paregabea”, azaldu du Imanol Pradalesek.
Diputatuaren berbetan, bisitari kopuruaren “
errekor berri bat hautsi da” 2017an. “Bidaiariari eskaintzen diogun esperientziari erreparatuta ere aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara. Bisita egin digutenen gogobetetze maila bikaina da”.