Industria, energia, eta azpiegiturez ariko da Arantxa Tapia sailburua Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo EAJren Udal Taldeak gonbidatuta Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua Markina-Xemeinen egongo da datorren eguenean [otsailak 22]. Industria, energia, nekazaritza eta azpiegiturak kudeatzen dituen sailaren buru izanik, sailburuak gai horiek guztiak landuko dituela jakitera eman dute solasaldiaren antolatzaileek. Hitzordua 19:30ean izango da Kultur Aretoan.
Joan den hilean, bestalde, Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak hitzaldia eskaini zuen leku berean. Azken hilabeteetako gai nagusiak izan zituen hizpide: Kataluniako egoera, 155. artikuluaren aplikazioa, Espainiako Gobernuaren jokabidea, egoera politiko orokorra, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoaren eguneraketari buruzko akordioa besteak beste.
Antolatzaileek azaldu dutenez ia bi ordu iraun zituen topaketak eta bertaratutakoek hainbat galdera egiteko aukera izan zuten.