Herria adinekoekin adeitsua bihurtzeko saioekin jarraituko dute Lekeition
Bizkaiko beste zenbait udalerrietan legez, Lekeitio adineko pertsonentzako herri atsegina bihurtzeko proiektua martxan dauka Lekeitioko Udalak. Hala, Lekeitio herri adeitsua izatea lortzeko bilera egingo da aste honetan ere. Taldeetan banatuta herriaren eta herritarren beharrak aztertuko dituzte lekeitiarrek bihar [otsailak 22] 18:00etatik 19:30era Barandiaran Aretoan egingo den saioan.
Udalak gogora ekarri duenez, herritar guztiek dute zabalik parte hartzea, horretarako izena eman behar dute 94-603 41 00 telefono zenbakira deituta.
“Lekeitio adineko pertsonekin lagunkoia izatea nahi dugu, adin guztietarako izango baita onuragarri, denontzat beraz. Horretarako zure iritzia garrantzitsua da, berdin da zein adin duzun”, adierazi du udalak. Lekeitioko Udalak emandako datuen arabera, Bizkaian 2020an 65 urte baino gehiagoko pertsonak biztanleria osoaren %23,36 izango dira. Lekeition jadanik %23,89 dira; 7.364 lekeitiarretik 1.810ek 65 urte baino gehiago dituzte.