Pazkuetako Idi Proben 65. Sari handia lehiatuko da aurten, Etxebarriko probalekuan martxoaren 29tik apirilaren 3a bitartean. Idi deman parte hartu nahi dutenek,
martxoaren 11n deitu behar dute Etxebarriko udaletxera,
12:00etatik 13:00etara bitartean. Egun horretan zehaztuko dituzte parte hartzaileen zerrenda eta saioak.
Idi probak Etxebarriko probalekuan. Argazkia: Etxebarriko Udala
Aurten ere sari handiak egongo dira jokoan. Danetara,
12 mila euro baino gehiago banatuko dituzte saritan, eta gutxienez 25 untze egiten dituzten idi pareek, 400 euroko dieta ere jasoko dute.
Etxebarriko Paskuetako Idi Probetako irabazleak 1.600 euro, mantak, txapela eta oroigarria eramango ditu etxera. Danetara, hamabost sari aurreikusi dituzte, txikiena, 450 eurokoa.
Bestalde, Lea-Artibai eskualdeko lehenengoari 300 euro eta akuilu sorta emango dizkiote sari modura.
Baldintzak. Paskoetako idi deman parte hartzen duten bikote guztiek
pisu oinarritzat 1.100 kilo izango dituzte, eta idi buztarri bakoitzak akulari bi eramango ditu. Idi pareen pisu neurketa probalekuan bertan egingo da jokatu behar duen egunean bertan, 10:00etan.
Urtero legez, Etxebarriko
1.500 kilo inguruko probarria erabiliko da, eta probak, El Corte Ingles sarietarako baliogarriak izango dira.
Bikote bakoitzaren eguna antolatzaileek aukeratuko duela argi utzi du Etxebarriko Udalak, eta partaideak onartzeko eta baztertzeko eskubide osoa izango dutela gaineratu dute.
Lehiaketa, urtero modura, Euskal Herriko Kirol Federazioak kontrolatuta egongo da, eta probak doping-aren kontrako arauen barruan egingo dira. Zenbait baldintzetan zalantzarik izanez gero, federazioaren erabakiak onartu beharko direla aurreratu dute antolatzaileek.