Milaka lagun batu dira Bilboko eta Donostiako kaleetan pentsiodunen eskubideak aldarrikatzeko. Tartean egon dira Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunak eta ordezkari politikoak ere. Pentsio duinen eta pentsio sistema publikoaren defentsa, eta KPIaren arabera pentsioak gaurkotzea eskatu dute ozen.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bezala, mobilizazioa egin dute
Markina-Xemeinen ere. Herriko Beti Jai jubilatuen elkarteak deituta Goiko Portalean elkartu dira herriko pentsionistak. Udalerriko udaletxearen aurrean pairatzen ari diren egoera kaleratu dute datu eta guzti.

Beti Jai elkartekoak Markina-Xemeingo udaletxe aurrean pentsio duinen aldarriari buruzko nondik norakoak azaltzen.
Nagusiak Bizkaiko jubilatu eta pentsionisten elkartearen bileran Emilio Olabarriak (EAJ) iragarri zuela esan dute 2020an zelakoa izango zen erretiratuen pentsioen egoera, eta iragarpen hori betetzen hasi dela azpimarratu dute. Ematen ari diren zenbakiekin nahasi egin nahi dituztela esan du Jose Alberdi Beti Jai elkarteko lehendakariak, eurak asmatutakoekin dabiltzalako. “Esaten dute 2017an egindako lanari esker urtea berreskurapen handi bategaz amaitu dela, 600.000 lanpostu sortu dituztela eta hori pentsioak sendotzen joateko hasiera dela. Zelan esan daiteke hori, momentu honetan, pentsioak ordaintzeko kutxa hustu dute eta”.
Engainua. Horrez gain, pentsioak %0,25 igota ondorengoentzako pentsioak ziurtatzen dituztela ere esaten ari dela Espainiako Gobernua azaldu du Alberdik. “Berba faltsuekin engainatzen saiatzen ari dira, baina ez gara jausiko. Orain da garaia borrokatzeko, modua aurkitu behar da”.
Banketxeak ere aitatu dituzte. ” Hor daude buru belarri
pentsioen planekin, horrek ere hor daude prest haginka egiteko. Aurretik ere badaukagu esperientzia. Hemendik urte batzuetara balio guztiak jango dituzte eta amaitu da gurea”.
Atzera ere “inon balio izango ez duen” pezetara itzuliko beharko den galdetu dute pentsionistek, eta konponbidea bilatu behar dela nabarmendu dute. “46,5 milioi bizilagun ditu Espainiako Estatuak eta %40a pentsionistak dira, 9,5 milioi hain zuzen. 10 eurotik 4 euro gastatzen dira pentsiodunei ordaintzeko eta 2050 urtean %76 erretiratuak izango direla aurreikusten da. Orain ordaindu ezinik badabiltza pentsatu gero”.

Markina-Xemeingo elkarretaratzea.
65 urtetik gorakoen
%19ak hilero 636 euro baino gutxiago kobratzen dituela jakitera eman dute. “%12ak 200 euro kobratzen ditu”, salatu dute eta egoera “triste” horren aurrean borrokan jarraitzeko jarrera erakutsi dute pentsiodunek.
Aldarrikapenekin jarraituko dute bai eta Ondarroan ere,
astelehenean [otsailak 26], elkarretaratzea egingo dute
12:00etan,
Alamedan.