Otsailaren 12an hainbat herritarrek salatu zuten Deba ibaian, Soraluze parean, ehunka arrain hilda agertu zirela. Salaketa horien harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak salaketa egin zen egun berean uraren kalitatea aztertzeko laginak hartu zituen, eta Deba ibaian zianuroa atzeman zuten.
Arrainak zer dela eta hil ziren jakin ostean, hurrengo egunetan ere lagin berriak hartzen jarraitu zuten Ertzaintzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak. Lagin horiek aztertu eta gero,
ez da zianuroaren arrasto gehiago aurkitu. “Isurketa gertatu eta hurrengo egunetan hartutako lagin berrietan ez da jada zianurorik atzeman”. Dena dela, zianuroa nondik isuri zuten aztertzen jarraitzen dute. Eta herritarrei gogorazi diete ibaian ez ohiko isurketa bat ikusi bezain pronto 112ra deitzeko. “Larrialdietarako zenbakira deitzea bide eraginkorrena da protokoloak abiarazteko: arazoa konpontzeko eta balizko jatorri eta erantzuleak zeintzuk diren zehazteko”.
Soraluze parean hilda agertu ziren arrain batzuk. Argazkia: Irekia.