Apurka-apurka erabakitzen hasi dira Beteranoen Esku Pilota Txapelketako finalistak. Datorren asteburua erabakigarria izango da, baina azken honetan ere, sailkatuen artean sartzea lortu dute Pradera mallabiarrak eta Gandiaga berriatuarrak.
Lau partidu jokatu dira asteburuan Lekeitioko trinketean, barikuan [otsailak 23] hiru eta atzo [otsailak 25] azkena. Txapelketak aurrera egin ahala lesioak ere gehitzen doaz, hala ere, finalaurrekoetan egoteko lehia ere biziagoa da, eta gogor ari dira pilotariak.
Gandiaga eta Pradera, Izarra epailea eta Telleria eta Conde. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Orekatuak. Barikuko lehen norgehiagokan 30 eta 15 nagusitu ziren
Kaltzakorta (Gizaburuaga) eta Bastida (Deba). Partiduak hasiera orekatua izan bazuen ere, partida erdi inguruan agintzen hasi zen Bastida, eta Kaltzakortak bere jokoa berreskuratu zuenean zeregin gutxi eduki zuten
Jaunarena nafarrak eta Foster lekeitiarrak.
Hurrengo partidua ere orekatua izatea espero zuten antolatzaileek, eta izatez, Pradera eta Gandiaga aurretik joan ziren markagailuan partiduaren erdi ingurura arte. Baina orduan, Pradera eskuko minagaz hasi zen, eta Telleria sakeekin asmatzen hasi zen partiduari buelta ematea lortu zutelarik. Horrela,
Telleriak eta Condek 30 eta 17 irabazi zieten
Pradera eta Gandiagari.
Conde eta Telleria, Izarra epailea, Beraza eta Etxebarria barikuko partidua jokatu aurretik. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Barikuko azken partida izan zen
zirraragarriena. Hiru tantoko aldeagaz, garaipen estua eskuratu zuten Beraza eta Etxebarria elgoibartarrek; 30 eta 27 irabazi zieten Telleria eta Conderi. “Elgoibartarrak izan ditugu jardunaldi honetako ezustekoa. Partidatik partidara gorantz zetozen, eta urtero parte hartzen dutenez, oso ondo irakurtzen dute partida bakoitza”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Telleriaren jokoa gainditu eta partida irabazita finalaurrekoetarako sailkatzeko pauso handia eman zuten.
Lehiatua. Atzo ere garaipenagaz egin ziren
Kaltzakorta eta Bastida. Sei tantoko aldeagaz gainditu zituzten
Moral eta Martin, 30 eta 24. Hasieran Bastida, lepoko zaintiratuagaz jokatzen jarraitzeko zalantzan egon zela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek, baina babesa ipinita jarraitu zuen aurrera. “Nahiz eta Moral eta Martin lekeitiarrek erresistentzia handia jarri, partidu zaila atera zuten aurrera gizaburuagarrak eta debarrak”.