Aurrera begirako bi data garrantzitsu azpimarratu zituen Markina-Xemeingo Gure Esku Dago herri dinamikak atzo arratsaldean [otsailak 25], Markina-Xemeingo kultur aretoan proiektatu zuten
Elkarrekin-Together dokumentalaren emanaldiaren hasieran:
maiatzaren 6a eta
ekainaren 10a.
Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kidea azalpenak ematen.
Iazko ekintzak amaituta, geldialdi handi bat egon bada ere, berriz ere indartsu dator dinamika. Iazko maiatzean Markina-Xemeinen eta Lea-Artibai osoan egin zen bezala, herri galdeketekin jarraituko dute, alde batetik, beste herri askotan, eta 2019an adostuko den herri ituna lantzen hastea da bestalde, dinamikaren aurtengo helburua, 2019 arrazoi batzea. Baina horrez gain, udaberrian, Euskal Herri osoan,
Klik Eguna edo aktibatzeko eguna ospatzea dela asmoa jakitera eman zuen Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo Gure Esku Dago talde eragileko kideak. “Markina-Xemeingo galdeketa maiatzaren 7an egin zenez, Klik Eguna data horren inguruan egitea pentsatu dugu”. Beraz, maiatzaren 6an egun osoko jai bat antolatuko dela aurreratu zuen.
1.000 lagun. Ekainaren 10erako iragarri duten
giza kate erraldoiaren berri ere eman zuen Ituartek. “EAE mailan egingo da, baina horrek ez du nahi esan Nafarroa eta Ipar Euskal Herria aparte utzi direnik, lankidetzan dabiltza Gure Esku Dagoko talde nagusiagaz, baina eurak beste martxa baten doaz”.
Orain dela lau urte egin zen modura, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuak lotuko dituen giza kate bat antolatuko dute, eta antzerako datetan izango da. “Orduan ekainaren 8an izan zen, eta aurten ekainaren 10ean egingo da”. Kilometroak eta guneak banatuta daudela azaldu zuen, eta Markina-Xemeingo taldeari
Ermua-Zaldibar ingurua egokitu zaio. “2014an, Markina-Xemeindik 800 lagunetik gora eramatea lortu genuen, eta aurten erronka 1.000 lagunetik gora batzea izango da, guri egokitu zaigun kilometro hori jendez betetzeko”.
Zehaztu zutenez, 5 euro ordaindu beharko da harpidetza, eta zapi batzuk banatuko dituzte harpidetza horregaz batera. Egin beharrekoa zehazten joango da taldea, ekintzak hurreratu ahala.