Finalaurrekoetarako txartela lortu dute Etxanizek eta Arrizabalagak
Markina-Xemeinen jokatu den Emakume Master Cup txapelketaren Lehen Mailako kanporaketa irabazi dute Etxebarriko eta Gernika-Lumoko pilotariekMartxoaren 18an Oñatin jokatuko diren finalaurrekoetan egongo dira Leire Etxaniz etxebarritarra eta Olatz Arri...
Markina-Xemeinen jokatu den Emakume Master Cup txapelketaren Lehen Mailako kanporaketa irabazi dute Etxebarriko eta Gernika-Lumoko pilotariek
Martxoaren 18an Oñatin jokatuko diren finalaurrekoetan egongo dira Leire Etxaniz etxebarritarra eta Olatz Arrizabalaga gernikarra. Domeka arratsaldean Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean jokatu zuten Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren Lehen Mailako kanporaketa irabazi zuen bikoteak, eta finalerdietarako txartela eskuratu zuten.Nahiz eta emaitzan alde handia egon, partidu gogor eta luzea jokatu zuten Leire Etxanizek (Etxebarria) eta Olatz Arrizabalagak (Gernika-Lumo) Olatz eta Maite Ruiz de Larramendi (Eulate) loba eta izebaren kontra. Tanto luzeak borrokatu behar izan zituzten, baina etxebarritarra eta gernikarra 9 eta 18 nagusitu ziren.
Indarra erakutsi zuen atzean Leire Etxanizek, eta Arrizabalagaren laguntzagaz errematatzen jakin zuten. Bikote sendoa osatu zuten; akats gutxiago egin eta tantuak amaitzen jakin zuten.
Promozio maila
Lehen Mailako kanporaketagaz gain, Promozio Mailako hiru partidu jokatu ziren domekako pilota jaialdian. Ane Arteaga (Lasarte-Oria) eta Maite Tolosa (Amezketa) nagusitu ziren lehen partiduan, Maialen Ganzarain (Lizartza) eta Naia Ugarrizari (Orozko) 18 eta 5 irabazita. Erraz ibili ziren garaileak, eta hasieratik hartu zuten aurrea, 13 eta 1 tantoko abantailagaz irabazten hasi zirelarik.
Promozio mailako bigarren partidua, berriz, parekatuagoa izan zen. Maialen Ganzarain eta Naia Ugarriza (urdinez) hasi ziren irabazten, baina Leire Galdos donostiarra eta Irati Otaegi anoetarra (gorriz) ez zeuden partida galtzeko prest. 10 eta 10 berdindu eta gero, aurretik jarri ziren gorriak 16 eta 14, baina 16ko berdinketaren ostean, estutu egin zen norgehiagoka. 17na berdindu zuten bikoteek, eta azkenengo tantuak erabaki zuen garaipena. 18 eta 17 irabazi zuten azkenean Leire Galdosek eta Irati Otaegik.
Nekeak gehiago egin zien Galdosi eta Otaegiri Promozio Mailako azken norgehiagokan. 18 eta 4 galdu zuten donostiarrak eta anoetarrak Ane Arteagaren eta Maite Tolosaren kontra.
Bi partidu irabazita, Ane Arteaga (Lasarte-Oria) eta Maite Tolosa (Amezketa) sailkatu ziren hurrengo faserako.