II. mendeko aztarnak aurkitu dituzte Lekeitioko gasolindegi zaharreko obretan
Lekeitioko basilika eta gasolindegiaren arteko bidean berrurbanizazio lanak hasi eta erromatarren sasoiko aztarnak agertu direla jakitera eman du Lekeitioko Udalak, Kristo aurreko II. mende ingurukoak. Aztarna horien artean zeramikazko objektuen zatiak, beirazko ontzi puskak edota metalezkoak aurkitu dituzte. Baina bai eta garai horretako faunaren aztarnak ere.
Hori dela eta, egunotan, arkeologia lanak egiten ari direla azaldu dute berrurbanizatuko den gune horretan, “elementu gehiago dauden jakin ahal izateko”. Arkeologi lan horien ondorioz, Eliz Ateako gasolindegi zaharreko obra luzatu egingo dela azaldu dute.