Markina-Xemeingo EAJren udal taldeak gonbidatuta,
Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua Markina-Xemeinen egon da. Industria, energia, nekazaritza eta azpiegiturez jardun zuen sailburuak, Jasone Aretxabaleta kazetari markina-xemeindarraren galderei erantzunez. Lea-Artibairi dagokionez, Ondarroako arrain lonjako lanak aurten hasiko dituztela jakitera eman zuen.
«Arazo administratibo batzuk izan ditugu. Espainiako Estatuko zati bat dago bertan, eta beraiekin konponketa batera iritzi behar izan dugu». Hori dela eta, proiektua azkenean
bi zatitan egingo dela zehaztu zuen. «Lehendabizi bat, aldaketa batzuk egin zati horretara, eta gero bestea. Tramitazio administratiboan luzatu egin gara, baina bagoaz aurrera». Lanekin joan den urtean hasi nahi zutela ere gaineratu zuen Tapiak, baina zailtasunak izan zituzten. «Borondatea badago, aurrekontua badago, eta aurrera doa proiektua. Aurten, bai ala bai, martxan egon behar du».
Industria aurrerantz. Gaur egun, orokorrean,
industriaren egoera ona dela esan zuen sailburuak. Esportazio mailako kontratuak gero eta gehiago direla azaldu zuen. «Lana sortzen ari da, gustatuko litzaigukena baino gutxiago, baina, poliki-poliki, badoa. Badaude enpresa batzuk, arlo batzuk, ondo ez daudenak, eta horien artean susperraldia iritsi ez denaren sentsazioa oraindik badago». Egia dela esan zuen, industria ondo dagoela esaten bada ere, oraindik gauza asko daudela konpontzeko. «Langabezia tasa krisia hasi zenean %4an baldin bazegoen, %10etik gora gaude oraindik, gazteen langabezia tasa orokorra baino handiagoa da, eta epe luzeko langabetuak ere badaude. Horiei guztiei irtenbide bat ematea lortu behar dugu nolabait». Erraza izan ez arren horretan bazeukatela zeregina baieztatu zuen Tapiak. «Aukerak badaude, enpresa mundutik sortzen ari dira-eta enpleguak».
Jasone Aretxabaleta kazetaria eta Arantxa Tapia sailburua Markina-Xemeingo solasaldian.
Laneratzea lortzeko
formakuntza ezinbestekotzat jo zuen, eta arlo horretan Lea-Artibain egiten ari den lana goraipatu zuen. «Leartiker, Azaro Fundazioa… hori guztiori daukazue, eta, beraz, pertsonak prestatzeko abantaila bat badaukazue. Horrelako ekimen asko behar dira eskualde askotan aurrera egiteko. Argi dago Jaurlaritzak ezin duela bakarrik egin, eskualdeak behar ditugu, udalak behar ditugu, aldundiak, guztiek elkarrekin egin beharreko lan bat da». Horrelako ekimenak benetan eskertzen direla gaineratu zuen, gazteak eta langabezian daudenak langabezitik lanerako bide hori egin ahal izateko.
«Energiaren sorkuntza tarifaren erdia baino gutxiago da, eta beste guztiak zergak dira, beraz, izugarrizko bide bat dago hori jaisteko»
Bizkai, Gipuzkoa eta Araban
energia berriztagarriei lotutako industria asko dagoela ere jakitera eman zuen sailburuak, «lanpostu asko sortzen dituenak eta punta-puntakoak direnak». Baina, bestalde, instalaziorik ia ez dagoela zehaztu zuen. «Europak esaten baldin badu erabiltzen dugun energiaren %30 berriztagarria izan beharko litzatekela, guk %7 besterik ez dugu sortzen. Beraz, energia berriztagarrietara joan behar dugula benetan sinisten badugu, urrats bat eman beharko dugu».
Beste herrialdeekin alderatuta,
energia garestiagoa dela ere azaldu zuen, eta horrek desabantaila suposatzen duela esan zuen herritarrentzat, baina, batez ere, enpresentzat. «Energiaren sorkuntza tarifaren erdia baino gutxiago da, eta beste guztiak zergak dira, beraz, izugarrizko bide bat dago hori jaisteko». Gauza bera egiteko hemengo enpresa batek askoz beheragotik hasi behar duela azpimarratu zuen. «Ikaragarrizko lana egin behar dute beste lurralde batzuetakoen maila berera heltzeko, eta hortik aurrera jarraitu».
Bestalde, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan elektrifikazioa eta lineak aspaldi jarri zirela gogora ekarri zuen, beste herrialdeetan baino askoz lehenago. Baina orduan abantaila izan zenak desabantaila suposatzen du egun. Izan ere,
eredu zaharragoa izanik estatu espainarrak pixka bat gehiago ordaintzea erabaki zuela azaldu zuen. «Besteak bezalakoak izatea nahi genuela esan genuen Madrilen; besteak bezalakoak izateak 100 milioi suposatzen ditu urtero».
Abiadura handiko trenaz ere galdetu zion Aretxabaletak, eta epeak oso zorrotz betetzen joanez gero, 2023an eginda legokeela erantzun zion Tapiak. Hala ere, hiriburuetako sarrerak nahikoa konplikatuak direla aitortu zuen, eta oraindik asko dagoela egiteko. «Hormigoizko obren gainean bideak jarri behar dira, gero elektrifikatu egin behar da, automatizatu, trenak jarri behar dira probak egiten, ikusi guztia ondo dagoela, eta gero sartuko gara tren horietan. 2023 esanda oso baikor ari gara».
«Europako lehiakortasun indizeetan eta berrikuntza indizeetan nahikoa posizio onean agertzen gara»
Eraikitzeaz gain, ze zerbitzu mota emango den ere erabaki behar dela esan zuen. «Zertarako balioko du, bakarrik Bilbo, Gasteiz edo Donostiatik Madrilera joateko ala Parisera joateko, edo gure arteko loturak egiteko? Guzti hori landu egin behar da, eta horretan ari gara une honetan. Obra bukatzen denerako prest egon behar dugu».
Ondo baloratuta. Europak herri bezala egiten den lana onesten eta aitortzen duela gaineratu zuen sailburuak. «Europako lehiakortasun indizeetan eta berrikuntza indizeetan nahikoa posizio onean agertzen gara. Indize horiek hobetzeko balio dute askotan, ze aukera dauzkagun jakiteko».
Industria, formakuntza eta osasuna ondo baloratzen ditu Europak, Tapiaren esanetan, baina azpiegiturek jaisten dute nota. «Trena bukatu barik daukazue, Europarekiko lotura egokirik ez daukazue, portuak hobetzeko daude, aireportuak ere bai. Beraz, ondo gaude, baina lana daukagu egiteko».
«Lehen sektorea bere burua eraldatzen ari da, eta nik etorkizun handia ikusten diot»
Lehen sektorearen egoeraz baikor agertu zen. Nekazaritza eta arrantza sektoreek krisiagaz asko sufritu eta asko galdu badute ere, eraldatzen ari direla esan zuen. «Mantendu direnak dimentsio pixka bat hartu, eta beste eredu batera igaro dira. Askoz lehiakorragoak eta dinamikoagoak dira». Kate oso bat ari dela sortzen azaldu zuen. «Galdu da, baina sektorea bere burua eraldatzen ari da, eta nik etorkizun handia ikusten diot».
Euskadi Basque Country marka mundu mailan ezagutzera ematea oraindik kostatu egiten dela aitortu zuen. «Bide handi bat dago egiteko; non gauden ezagutzera emateko erronka handia daukagu oraindik». Hala ere, enpresak direla marka hori ezagutzera ematen dutenak adierazi zuen, eta lan handia egiten dabiltzala azpimarratu. «Badaukagu lan bat egiteko, baina ez gara ezkorrak izan behar, aukerak badaude eta».