Ispastertar asko kezkatuta daude. Izan ere, ehorztetxe batek errausketa labe bat eraiki nahi du herriko industrialdean. Hasiera batean beste munduko ezer ez badirudi ere, hildakoen gorpuak erretzeak kutsadura sortzen du. Eta horren aurrean, Gure Herria Bizirik Ispasterko ingurumen elkarteak antolatuta garapen jasangarriari buruzko jardunaldia egin dute;
30 herritar inguruk parte hartu dute jardunaldietan.
Jardunaldietan parte hartu duten herritarrak.
Funtsean, elkarteko kideek herritarrei
errausketa labe bat herrian edukitzeak suposatzen duena azaldu nahi izan diete. Alegia, informazio guztia mahai gainean jarri nahi izan dute. “Gu ez gaude herrian enpresak kokatzearen aurka. Guk nahi duguna da herrian zein eskualdean kokatzen diren
enpresak ingurugiroarekiko jasangarriak izatea”. Hala, herrian zein Lea-Artibai mailan lanpostuak sortu ahal dituzten enpresa berriak ongietorriak direla diote. “Gaur egun nahikoa inguru osasuntsuan bizi gara, eta nahi ez duguna da inguruaren kalitate hori jaitsiko dituzten jarduerak kokatzea, batez ere, alternatibak existitzen direnenean. Hemen kokatzen diren enpresak ahalik eta garbiekan izan daitezen nahi dugu”.
Informazioa emateko elkarteak hainbat aditu ekarri ditu herrira. Eta horiek guztiek argi hitz egin dute: “Gorpuak erretzeko sistema kutsagarria da, oso”.
Jardunaldia inolako asmo txarrik gabe antolatu dutela esan dute elkarteko kideek. “Guk nahi duguna da herritarrak informatuta egotea. Eta informazio osoa eskuartean dutela, nork bere hautua egitea”.
Ehorztetxeak Ispasterren errausketa labea egiteko prozedura hasita badauka ere, Ispasterko Udalak ez du oraindik herriko araudian aldaketarik egin. Aldaketa horiek halabeharrez egin behar dituzte mota horretako enpresa bat herrian kokatzeko.
“Uste dugu oraindik garaiz gabiltzala”.
Jardunaldiaren asmoa informazio guztia mahai gainean jartzea dela azaldu ostean, errausketa labeen inguruan mundu mailan egindako ikerketak azaldu dituzte adituek. Izan ere, elkarteak informazioa emateko hainbat eta hainbat aditu ekarri ditu herrira. Eta horiek guztiek argi hitz egin dute: “Gorpuak erretzeko sistema kutsagarria da, oso. Eta ikerketa guztiek argi uzten dute hori”.
Ingalaterran, esaterako, 1,5-4,5 gramo merkurio aireratzen dira gorpu bat erretzen den bakoitzean; emisio guztien %11 erretzen diren gorputzen substantziak dira
Erretzen diren gorputzek osasunarentzat kaltegarriak diren substatziak edukitzen dituztela diote ikerketek. “Pertsona batek bere bizitza osoan hainbat sustantzia pilatzen ditu, eta gorpua erretzen denean, horiek guztiak aireratu egiten dira”. Metal pisutsuak, dioxinak, merkurioa… dira
osasunarentzat kaltegarriak diren eta gorpu bat erretzerakoan
atmosferara aireratzen diren substantziak. “Enpasteak, protesiak, baltsamasio prozesuan erabiltzen diren osagaiak, estetika arloan erabiltzen den silikona, hildakoaren kutxak daukan barniza… Dena erretzen da”. Barnizaren kasuan, gainera, erretzen denean oso toxikoa bihurtzen dela esan dute adituek. “Minbizia sortzen du horrek”.
Merkurioa. Merkurioa dago beste aldetik. Suedian eta Finlandian gorputz bakoitzeko 5-3,4 gramo merkurio aireratzen dira gorpu bat erretzen denean. “Espainian ez dago ikerketarik eginda. Ingalaterran, ordea, 1,5-4,5 gramo merkurio aireratzen dira; emisio guztien %11 erretzen diren gorputzen substantziak dira; urtean 1,23 tona merkurio zuzenean atmosferara doaz”. Ameriketako Estatu Batuetan, ostera, emisioak gutxiago direla diote. “Arlo horretan Europan baino hobeto egiten dute”.
Horren guztiaren aurrean,
gorpu bat hauts bihurtzeko bestelako alternatibarik existitzen dela esan dute.
Promessa izena daukan enpresak, hain zuzen, euren sistema azaldu du. “Ekonomikoki merkeagoa da, gutxiago kutsatzen du, eta gorpua hauts bihurtzen da”.