Lea-Artibai BBK Sariketatik kanpo gelditu da
Lea-Artibaiko taldeak 26. Bertsolari Gazteen BBK sariketaren finalaurrekoetarako txartela galdu du gaur [martxoak 6] goizean Markina-Xemeingo kultur aretoan jokatu den azken kanporaketan. Uribe Kostako taldea izan dute aurrez aurre, eta eurek baino 47,5 puntu gutxiago atera dituzte bertokoek. 343 puntu batu ditu hain zuzen, Lea-Artibaiko taldeak, eta Uribe Kostakoak berriz, 390,5. Horrela, Uribe Kosta egongo da martxoaren 13an Sopelan jokatuko den finalaurrekoan.
Lea-Artibairen partetik, Antton Bereziartua Idoeta, Eneko Barruetabeña Bilbao eta Bittor Altube Sarrionaindia igo dira oholtza gainera, 18 urtera artekoetan. Nahia Ibarzabal Gisasolak, Aitor Ruiz Urizarrek eta Alexander Idoeta Anakabek, ostera, 24 urtera artekoen mailan kantatu dute. Uribe Kostako ordezkariak, Aritz Landeta Terceño, Maider Barañano Uribarri eta Naroa Torralba Rodriguez izan dira gaztetxoen taldean; eta Paule Ixiar Loizaga Legarra, Unai Mendiburu Valor eta Kerman Diaz Franco nagusiagoetan.
Gaurko saioko aurkezlea Ainhoa Urien izan da, eta epaimahaia Miriam Juaristik, Juanjo Respaldizak eta Inazio Vidalek osatu dute. Idazkari lanetan Maddi Ibaibarriaga aritu da.
Herriko ikasleen aurrean. Saioa giro ederrean egin da, eta ia bi ordu iraun dituen ekitaldiagaz gozatzeko aukera izan du publikoak. Kultur aretoko besaulkietan eseri dira besteak beste, herriko Bera Kruz ikastolako eta Bekobenta eskolako ikasleak.
Txapelketako hurrengo saioa finalaurrekoetako lehenengoa izango da, eta martxoaren 12an jokatuko da, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan, 12:00etan. Busturialdea eta Durangaldea lehiatuko dira horretan, finalerako txartelaren bila. Gaurko irabazleak, aldiz, martxoaren 13an izango du saioa Sopelako Ander Deuna ikastolan, 09:30ean. Hego Uribe izango dute aurrean.
Sariketaren finala martxoaren 22an izango da Bilboko BBK Salan, 19:00etan.