Azaro Fundazioak Retrace proiektu europarraren lehen argitalpenean parte hartu du
Azaldu dutenez, Retraceren helburuetako bat proiektuaren emaitzak jaso eta ezagutzera emateko hiru argitalpen edo liburuki argitaratzea da. Hirurak 2018ko lehen sei hilabeteetan argitaratuko dira, eta lehenengoa Politikak formulatzeko Diseinu Sistemikoaren Gida Metodologikoa: Europa Zirkularrerantz izenekoa eskuragarri dago jada. “Gida hau proiektuko kide diren, Europa osoko zein kanpoko, 20 autoreren hausnarketa prozesu baten emaitza da eta hain konplexuak diren politiken diseinu eta erabaki hartze prozesuetan Diseinu Sistemikoa nola txertatu definitzea du helburu”. Gida hori paperean zein sarearen bidez eskuratu daiteke.
Bigarren argitalpenak proiektuko kideek europako herrialde ezberdinetara egindako tokiko bisitetan identifikatutako 30 praktika on azpimarragarrienak batuko dituela jakitera eman du Azaro Fundazioak, eta Bruselan egingo den nazioarteko ekitaldian aurkeztuko dutela zehaztu dute. “Hirugarrena, eta azkenengo argitalpena, politikariei eta politikak egiten dituztenei bideratuta egongo da baita ere, Ekonomi Zirkularra lortzeko Diseinu Sistemikoa erabiltzearen onurak bistaratzera zuzenduta egongo da”.
Retrace proiektua ezagutzera emateko Herrialde zirkularrerantz, Kohesio Politikari buruzko 2020tik haratagoko ikuspegi bat izeneko ekitaldia ospatuko da martxoaren 22an, Bruselan.