Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako finalaurrekoak zehaztuta daude jada. Joan den asteburuan erabaki dira
Pradera eta Gandiaga eta
Astigarraga eta Egañarekin batera txapelketaren azken aurreko partiduetan egongo diren bikoteak.
Telleria eta Conde, Kaltzakorta eta Bastidaren kontrako partidua irabazita zuzenean igaro ziren barikuan [martxoak 2] finalaurrekoetara, beste bikotea berriz, domekan [martxoak 4] gelditu zen zehaztuta, Kaltzakorta eta Bastida eta Beraza eta Etxebarriaren artean jokatu zen berdinketa hausteko partiduan. 30-20 emaitzagaz
Kaltzakortak eta Bastidak finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten.
Finalaurrekoak erabakitzeko, partidu bi jokatu ziren barikuan Lekeitioko trinketean. Alde batetik, partidu polita jokatu zen
Beraza eta Etxebarria eta
Moral eta Foster bikoteen artean. Beraza tanto bikainak egiten ibili zen aurrean eta Etxebarria nagusitu zen atzean joko bikaina erakutsiz. Hala, sailkapenean aurrerapauso handia eman zuten bikoteak 30 eta 23 irabazita. Emaitza horri esker berdinketa lortu zuten eta finalaurrekoetan egoteko aukera bizirik mantendu zuten.
Finalaurrekoko pilotariak. Eskuinean zutik Arrate agertzen da, baina lesioagatik bere postua Bastida Debarrak betetzen du. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Bigarren norgehiagokan tentsio handia bizi izan zela nabarmendu dute txapelketaren antolatzaileek. Izan ere, irabazlea zuzenean sailkatzen zen finalaurrekoetara eta galtzaileak berdinketa haustea jokatu beharko zuen Beraza eta Etxebarriaren kontra. “Galtzaileak beti aurretik joan ziren. Argi zeukaten Conderi bideratu behar zizkiotela ahal zituzten pilota guztiak eta horrela egin zuten”.
Condek, beraz, nahikoa eduki zuen eusten, baina ondo defendatu zen. Eta,
Kaltzakortak eta Bastidak partida bereganatuta zeukatela zirudienean
Telleriaren susperraldia etorri zen. “Pilota bizi bat atera eta sakeak errobotera botatzen hasi zen, eta hor egon zen azken takadako buelta”, diote antolatzaileek.
Azken tantoak emozioz eta eztabaidaz betetakoak izan baziren ere, Telleria eta Conde iazko txapeldunek aurrera egin zuten 30 eta 28 irabazita.
Berdinketa haustea. Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak eta Kaltzakorta gizaburutarra eta Bastida debarra hiru partidu irabazita ailegatu dira ligaxka amaierara, eta hortaz, berdinketa haustea jokatzera behartuta egon ziren aurrera zeinek jarraituko zuen erabakitzeko.
Nahiz eta emaitzan alde handia egon, jokoan ez zen horrenbesteko alderik ikusi, eta oreka izan zen batez ere nagusi. Hala ere, 30-20 irabazi zuten azkenean, Kaltzakortak eta Bastidak.
Barikuan partidu bat eta domekan bueltakoa jokatu beharko dute orain, finalaurrekoetara ailegatu diren lau bikoteek. Alde batetik, Telleria eta Conde iazko txapeldunek, txapelketako bikote gazteena izango dute aurrean Pradera eta Gandiagarena; bestalde, ligaxka osoa partidu bat ere galdu ez duten Astigarraga eta Egaña eta goranzko joera erakutsi duten Kaltzakorta eta Bastida neurtuko dira. Finalera heltzeko partidu biak irabazi beharko dituzte bikoteek, eta horrela ez bada, berdinketa haustea martxoaren 16an egingo dela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
FINALAURREKO PARTIDUAK
Barikua
- 19:00etan. Telleria-Conde/Pradera-Gandiaga
- 20:00etan. Astigarraga-Egaña/Kaltzakorta-Bastida
Domeka
- 10:00etan. Astigarraga-Egaña/Kaltzakorta-Bastida
- 11:00etan. Telleria-Conde/Pradera-Gandiaga