Amankomunazgoak beste pauso berri bat eman du. Hala, martxoan eskualde mailan zabor gehien sortzen dituzten denda, tarbena, ostatu eta jatetxeekin bilduko dira Amankomunazgoko ordezkariak. Horiekin guztiekin zuzenean harremanetan jarrita, bilketa datuak “asko hobetuko direla” uste dute.
Zehaztu dutenez, zabor gehien sortzen dituztenen artean daude
68 denda,
140 taberna,
13 ostatu (hotel, pentsio eta aterpetxeak) eta
27 jatetxe. “Horiez gain, hainbat
elkarte gastronomikok ere organikoa bereizteko interesa erakutsi dute. Momentuz horiei zuzendutako proposamenik ez badago ere, euren herriko udaletxeetan eskatu ahal dute informazioa”.
Horrez gain, ikastetxeekin ere bestelako lanketa bat egiten ari dira. Hala, organikoa sailkatzeko interesa erakutsi duten ikastetxeetako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako
ikasgeletarako organikoa biltzeko materiala banatu dute. Dena dela, momentuz eskaerarik egin ez duten ikastetxeetara ere laster helduko direla esan dute. “Modu horretara, ikasleek hamaiketakoa jaten dutenean sortu ahal den hondakin organikoa edukiontzi marroira bota ahalko dute”.
Amankomunazgoko eta ikastetxe batzuetako ordezkariak. Argazkia: Lea-Artibai Amankomunazgoa
Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak dio oso garrantzitsua dela
txikitatik kontzientzia eta ohitura hartzea. “Ikasleek euren etxebizitzetan duten organikoa birziklatzeko materiala eta eskolakoa berdinak izango dira. Beraz, ikasgelan daukaten ohitura hori etxera eramateko aukera egongo da”.
Konpostagailua duten ikastetxeak ere badaude eskualdean. Hala ere, horiei ere hondakin organikoa batzeko materiala banatuko dietela esan dute. “Garrantzitsua da ikasleek edukiontzi marroia zertarako den ezagutzea, eta ondorioz, etxean zein eskolan praktika bera edukitzea”.
Orain arte edukitako
bileretatik pozik atera da Elu. Eta lehen hilabeteetako datuak laster azalduko dituztela gaineratu dute.
HONEKIN LOTUTA: Lea-Artibaiko EH Bilduren irakurketa