Arrakasta handiz estreinatu zen atzo [martxoak 11] goizean, Bizkaiko bidezidorren lehen liga.
253 ibiltarik egin zuten Markina-Xemeingo
Artibai Mendigoizale Taldeak
Ondarroa eta Lekeitio (GR 123) artean antolatutako lehen etapa. Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku eta Bilboaldeko (Enkarterriak, Basauri, Galdakao…) lagun askok parte hartu zuten Bizkaiko Mendizale Federazioak mendizale taldeekin batera antolatu duen ekimen berrian.
Ibiltariak Ondarroako Goimendi auzorantz abiatzen.
Lekeitioko Arropaingo aparkalekuan autobusak hartu eta Ondarroara joan ziren ibiltari gehienak Itsasaurre plazan ibilbideari ekiteko. Guztira
15 kilometro izan ziren kostako bidean zehar. Ondarroako Goimendia auzorako igoera izan zuten gaitzena, handik aurrera gorabehera txikiko bide erraza eduki zuten partaideek Berriatuko Asterrika Auzotik Mendexara eta hango abentura parke berriaren ondotik Lea Ibilbidearen azken zatiraino. Haize zakarra eduki zuten unekadaka, eta Mendexarako bidean basa apur bat aurkitu zuten, hala ere, gustura ibili ziren ibiltariak, eta
bide seinale ugari eta oso ondo jarrita zeudela nabarmendu zuten.
Parte hartzaileak Lea Ibilbidean zehar Lekeitiorantz.
Lekeitioko Independentzia plazan amaitu zen etapa, eta hamaiketakoa eginez, ligako etapa guztien liburuxka eskuratu zuten, etapak osatu ahala zigiluak jarri eta puntuak batzen joateko. Izan ere, 11 etapak osatzen dute
Bizkaiko I. Xendazaletasun Ligaren egutegia. Bizkaiko Mendizale Federazioak bidezidorrak homologatu ditu aurten, eta ekimen honen bidez ibilbide horiek ezagutzera eman eta erabilpena sustatu nahi dute. Etapa bakoitza mendigoizale talde batek antolatuko du, eta etapa kopuru bat osatzen dutenek opariak izango dituzte ligaren amaieran. Hurrengo hitzordua Zierbenan izango da martxoaren 25ean.