Joan den barikuan [martxoak 9] jokatu ziren Beteranoen binakako Esku Pilota Txapelketako finalaurrekoetako lehen partidak. Txapelketaren antolatzaileek diotenez, aurtengo edizioa izango da orekatuena, “finala jokatzeko hiru partidak jokatu beharko dituzte-eta finalistek”.
Astigarraga sarea babesten. Argazkia: Beteranoen txapelketa
Lehenengo partidua
Pradera-Gandiaga eta
Telleria eta Conderen artekoa izan zen. Pradera eta Gandiaga gazteek ondo eutsi zuten presioa eta kanporaketako lehen partida irabazi zuten 30 eta 27. “Egun borobila izan zuten eta defentsa bikaina erakutsiz partidua irabaztea lortu zuten”, azaldu dute antolatzaileek. Aurkariak, berriz, ez ziren gustura ibili. “Telleria ezin gozatu ibili zen tako gehiegi jarrita, eta tantoa ez zuenez lortzen arriskatzen hasi zen zorte barik. Conde bere mailan ibili arren ez zuen lortu pilotak sarean sartzerik, eta disgustura mugitzen zen”.
Bigarren partiduan
Beraza-Bastida eta
Astigarraga-Egaña bikoteak neurtu ziren. Ezustekoa gertatu zen, eta ligaxka guztiko partiduak irabazita faboritoak ziren Astigarragak eta Egañak galdu egin zuten 30 eta 26. Elgoibarko Berazak hartu zuen kolpatuta dagoen Kaltzakortaren lekua, eta ondo moldatu zen gainera, jaun eta jabe izan zen aurreko koadroetan. Astigarraga eta Egañari berriz, partidua aldapan gora jarri zitzaien. Astigarragak lau falta egin zituen sakean eta Egañak bi astetako geldialdia nabaritu zuen.
Telleria-Conde eta Pradera-Gandiagaren arteko partidua. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Bueltako partiduak. Domekan jokatu ziren bueltako partiduak.
Kaltzakorta eta Bastida eta
Astigarraga eta Egañaren arteko partidua bertan behera gelditu zen Bastidaren lesioagatik. Kaltzakorta eta Bastida irabazten ari ziren, baina 17-13 tantoan Bastida hormarantz joan zenean pilota bueltatzeko asmoz, zaintiratua eduki zuen eskumako hankan eta ezin izan zuen partida jarraitu. “Bazirudien Kaltzakorta eta Bastida izango genituela finalistak, baina lesioaren ondorioz, hirugarren partidua jokatu beharra izango dute”.
Pradera mallabiarrak eta
Gandiaga berriatuarrak barikuan irudi on eta sendoa eman bazuten ere, domekan ez ziren horren fin ibili. 30 eta 5 galdu zuten
Telleria eta Conderen aurka. Telleria jaun eta jabe izan zen eta Conde ondo moldatu zen lan handiegirik barik. Galtzaileek, ordea opari gehiegi egin zizkieten aurkariei. “Ez ziren ondo sentitu eta ez zuten euren benetako jokoa erakutsi”. Berriatuko jarraitzaile ugari batu ziren Lekeitioko trinketean, baina garaipen barik itzuli behar izan ziren etxera.
Domekako berdinketa haustea. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Datorren barikuan [martxoak 16]
azken berdinketa haustea jokatuko da. Hurrengoak izango dira partiduak:
- 19:00etan: Pradera-Gandiaga/Telleria-Conde
- 20:00etan: Kaltzakorta-Bastida/Astigarraga-Egaña
Irabazleak finalera pasatuko dira, eta galtzaileek 3. eta 4. postuak jokatuko dituzte. Finala martxoaren 25ean jokatuko da.
Zapatuan [martxoak 17] eta domekan [martxoak 18] jokatuko dute bai eta ere
Nafarroako Gartzaron herriko torneoa; beteranoen txapelketan parte hartzen duen eta bertokoa den Mikel Jaunarenak antolatutakoa. “Bide batez, Mikelek domekero Lekeitiora etortzeko egiten duen ahalegina eskertuko dugu eta bere eskutik bailara ezagutzeko aukera izango dugu”.