'Zurrumurru matxistarik ez' ekimena egingo dute Ondarroan
Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak antolatuta, Zurrumurru matxistarik ez deritzon ekimena egingo da Ondarroan. Lehenengo saioa Etxelilan izango da, zapatuan [martxoak 17], 11:00etatik 13:00etara. Jabekuntza eskolen sareak prozesu bat abiatu nahi izan du indarkeria matxistaren inguruko gertaerak, jarrerak eta zurrumurruak identifikatu eta agerian uzteko.
Ikastaroaren helburua da zurrumurru matxistei aurre egitea, eta “zurrumurru matxisten aurkako eragile aktibo izateko aukera” edukiko dute batzen direnek. “Egunerokotasuneko gertaera, jarrera eta zurrumurru matxistak identifikatzen jakiteko estrategiak landuko dira, baita haien aurrean erantzuteko tresnak sortu ere. Zurrumurruak identifikatzeaz gain, agerian utzi eta salatzea bilatuko da, herriko errealitateetan eragiteko helburuagaz”.
Ekimena Bizkaiko hiru udalerritan egingo da, eta herrietako jaiei begira kanpaina kolektibo bat sortuko da amaieran. “Izan ere, badakigu eraso sexistak jai eremuetan aregotu egiten direla”, adierazi dute. Lehen saioa egin dute Basaurin eta Ermuan, eta orain Ondarroaren txanda ailegatu da. Ikastaroa 20 bat ordukoa bada ere, udalerri bakoitzean sortzen den taldeak erabakiko du iraupena. “Ekainean, prozesuan parte hartu duten hiru herrietako taldeak ikastaro amaierako ekimen batean biltzea aurreikusten da. Bertan, talde bakoitzak bizitako esperientziak partekatuko ditu besteekin”.