Baxurako arrantzaleek duela astebete porturatu zituzten Ondarroan lehen berdel aleak, eta orduz geroztik, berdel asko deskargatu dute. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, astebetean, gutxi gorabehera, 600 bat tona lehorreratu dituzte.
Gaineratu dutenez, arrantzaleak berdel kupoa amaitzen ari dira dagoeneko. «Gure kalkuluen arabera, datorren asterako ez da askorik geldituko. Ontzi bakoitzak bere kupoa dauka, eta hori noiz amaitu daude arrantzale asko».
Hain zuzen ere, aurtengo berdel kupoa iazkoa baino txikiagoa izan da, eta horrek ere eragina izango du kanpainaren luzeran. «Orain dela urte batzuk ezarritako zigorrak oraindik ere bere eragina dauka. Ontzi bakoitzak aurten ere iaz baino berdel gutxiago harrapatu ahal izango du, hain zuzen. Hala eta guztiz ere, uste baino murrizketa txikiagoa izan du kupoak».
Prezio aldetik, bestalde, euro inguruan ari da saltzen bentan. Tamainari dagokionez, nahikoa ale handiak harrapatzen ari dira Gipuzkoako uretan, Hondarribia eta Getaria tartean. «Lehenengo egunean nahikoa berdel handia agertu zen, kiloan bi edo hiru ale ingurukoa. Azken egunotan, zer edo zer txikiagoa lehorreratu dute, kiloan hirukoa».
Antxoa txikia. Berdelaz gain, antxoa ere porturatu dute azken egunotan. Hori bai, berdel kanpainaren aldean martxa apalagoan doa antxoeta, handik eta berdeleta amaitzen denera arte. «Oraingoz antxoa nahikoa gutxi agertu da, eta arrantzale asko berdeletara abiatu dira. Antxoa, gainera, nahikoa urrutirago agertu da, Bilbo eta Laredo artean».
Martitzenean eta eguaztenean porturatu zuten antxoa, hain zuzen. Martitzenean 4,5-5 euro inguruan saldu zuten, eta eguaztenean, berriz, 2 euro inguruan.
Oro har, tamaina txikiko antxoa ari dira arrantzatzen. Kiloan 55-70 ale bitartekoa, eta kasu batzuetan 80 alekoa ere bai. «Datorren hilabetetik aurrera, arrain handiagoa harrapatu beharko dute. Gehienez, kiloko 60 alekoa».