Elizpe Rock egun osoko musika jaialdia antolatu du Etxebarriko gazte talde batek eskualdeko beste gazte askoren laguntzagaz; jaialdia
apirilaren 14an egingo da. Etxebarriko elizpea Lea-Artibaiko musika taldeen erakusleiho eta bilgune bihurtu nahi dute, «eskualdeko taldeek euren musika plazaratzeko aukera izan dezaten», eta bide batez, herrian giroa sortu.
11:30ean hasi eta etenik ez du edukiko jaialdiak gauera arte. Azken kontzertua 12:00etan izango da, Plaza Barrin. Ordura arte, eskualdeko hamazazpi talde entzuteko aukera egongo da, musika estilo guztietakoak: punk, heavi, rock, trikitixa, batukada, erromeria…
40 bat minutuko kontzertuak eskainiko ditu talde bakotzak antolatzaileek prestatuko dituzten agertoki ezberdinetan. «Goizean akustikoak egongo dira herriko tabernetan, eguerdian batukada eta eguerdi ostean kontzertuak elizpean», azaldu dute.
[MUSIKA TALDEAK IKUSI]
Bi agertoki kokatuko dituzte elizpean, kontzertu bat amaitu ahala bestea hasteko, bai eta barra txiki bat ere. Eta hori guztiori doan izango da. «Ez da sarrerarik egongo. Etorri, entzun eta gozatzea besterik ez da egin behar».
Laguntza handia. Aspaldiko asmoa errealitate bihurtzea lortu dute Etxebarriko gazteek. Horretarako, baina, eskualdeko lagun askoren laguntza izan dutela nabarmendu nahi izan dute. «Inguruko herrietako jendeak lagunduko du soinua antolatzen. Soinu mahaietan
teknikari modura lanean bi markina-xemeindar beste bi ondarrutar eta lekeitiar bat egongo dira».
Txandak antolatzeko ere, esku zabalik laguntzeko prest agertu direla esan dute eskualdeko gazte asko. Horrez gain, herriko hiru tabernen babesa ere edukiko dute. «Tabernek lagunduko dute afariak eta bazkariak ematen». Hala ere, bertan egunean laguntza asko beharko dutela aitortu dute gazteek, eta, beraz, antolakuntzan laguntzeko prest dagoen edonor beso zabalik hartuko dutela aitatu dute.
[MUSIKA TALDEAK IKUSI]
Jaialdia ordaindu ahal izateko
kamisetak atera dituzte, eta zozketa bat ere egingo dute. Kamisetak Lekeitioko Galarrena eta Otoio tabernetan, Ondarroako Sokoan eta Anaitasunan, Markina-Xemeingo Buztarri eta Eder tabernetan eta Etxebarriko Otsolon eskuratu ahal dira. «Gure helburua ez da jaialditik etekinik ateratzea, gastuak ordaintzea baino. Dirurik aterako balitz, hiru zatitan banatu eta Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Lekeitioko taldeei banatuko zaie».
Egun osoko
egitarau indartsu eta oparoa prestatu dute. Hala ere, eskualdeko talde denak ez daudela azaldu dute, egunak gehiagorako ematen ez duelako. Hala ere, Elizpe Rock jaialdiak, hurrengo urteetan, aurrera egiteko aukera izanez gero, Etxebarriko elizpea eskualdeko beste talde askoren oholtza izango da.