Lea-Artibaiko talde ekologistako kideek salatu dutenez, isurketa joan den asteko eguenean gertatu zen, 16:00ak inguruan; “bederatzigarren isurketa da”. Eguzkikoek diote ustez nahita egindako isurketa dela. “Izan ere, iazko maiatzean egindako isurketaren harira galdetu genienean, erantzun ziguten araztegiak eraiki zutenetik arazoak zituela, eta ez zela isurketa bat gertatzen zen lehenengo aldia”.
Galtzuarango ur araztegiak joan den astean egindako isurketa. Argazkia: Lea-Artibaiko Eguzki.
Araztegikoek Eguzkikoei esandakoaren arabera, marea biziak daudenean ur gazia sartzen da saneamendu sarean. Ur gazi horrek araztegiak erabiltzen dituen bakteriak hil egiten ditu, eta bakteria horiek dira ur zikina garbitzeaz arduratzen dena. “Hori ez gertatzeko, ur gazia beste leku batean gordetzen dute. Ur gehiegi dagoenean, baina,
itsasora bota behar izaten dute, garbitu barik”.
Eguzkikoek argi esan dute: “Ez dakigu oraingoan ze arrazoi emango diguten. Baina
egoera hau ezin da luzatu. Isurketa hauek guztiak ezin dira zigorrik gabe geratu. Ur Partzuergoak zerga kobratzen die herritarrei, eta ur zikinen kudeaketa txarra egiten dute. Erakundeek erabakiak hartu behar dituzte”.
Horrez gain,
Artibai ibaian ur zikinen isurketak egiten diren
hainbat puntu beltz daudela diote. “Herritarrei eskatzen dieguna da isurketaren bat ikusten dutenean Larrialdi Zerbitzura (112) deitzea eta guri jakinaraztea. Horrela, kostalde garbi bat eduki ahalko dugu”.