Lekeitioko ehoziri lantaldea, hamalau urtez martxan
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Hutsetik hasi dira denak. «Non sartu gara esan genuen lehen egunean irakaslea azalpenak ematen hasi zenean», diote. Orain, baina, era guztietako lanak egiteko gai dira bakoitzak behar duen denbora eta pazientziagaz. Errazenetik gaitzenera. Teknika sinpleenetik hasi eta zailtzen joaten direla azaldu du irakasleak. Eredu bi egin eta gero, zapi bat egin du aurten, esate baterako, hasiberriak, eta beste bi eredu egin ondoren, bigarren zapia egingo duela zehaztu du. «Geroago azkenengo eredua jarraituko du eskuoihal batentzako apaingarria egiteko. Hortik aurrera berak egin nahi duena aukeratuko du». Zenbat eta gehiago jakin, ehoziriak gehitzen eta haria ere mehetzen doaz. 24 ehozirik daukatela errua dio beti Oiarbidek. «24 ehozirigaz hasten zara, eta, gero, nahi duzun beste gehitu ahal dituzu. Lehen puntua 24 ehozirikoa da, eta puntuak kargatu behar dira. Ez dauka besterik».[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Mugimendua oinarrizkoa dela azaldu du: gurutzea, bira eta gurutzea, eta txantiloia jarraitu. «Erraza da, ume batek ikasteko modukoa». Txantiloia kartulinan irudikatzen dute, eta kartulinatik hari zuri edo beixagaz egiten dute lan. Kartulina kuxinaren gainean jarri, eta puntu zehatzetan orratzak jarri behar dira. «Guk ez dugu hau asmatu, aspaldikoa da. Erdi Aroan andreak egiten bazuten, guk ere egin dezakegu». Pazientzia ezinbesteko ezaugarria da, hala ere, eskulan berezi hori egiteko. Eta pazientzia edukitzen ere irakasten duela azpimarratu du Oiarbidek. «Ehoziri lanak asko laguntzen du pentsamenduan, buruan. Kontzentratuta egon behar zara. Beste joskintza batzuk egiterako orduan, beste gauza batzuk pentsatzen egon zaitezke. Ordea, lan hau egiterakoan kontrolpean eduki behar duzu zein doan nora; ezin da galdu kontzentrazioa». Beti lau ehoziri dituzte eskuartean, eta horiek batera eta bestera mugitzen joaten dira trebezia handiagaz.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
«Ehoziri lanak xarma berezia dauka, eta lan hauek egiten ditugun pertsonak ere apur bat bereziak garela esango nuke nik. Urduriak diren pertsonak eta dena arin egin nahi dutenak txarto pasatzen dute». Irakasleak azpimarratu duenez, eskulan honi ezin zaio ipini ez ordurik ez egunik, «eta ordua eta eguna badituzu, hasi berehala». Ehoziri lanak egiteagaz batera, ondo pasatzen dute taldean, eta «terapia» bat ere badela diote; bizipenak partekatu eta bata besteagaz egoteko hitzordua. Hori dela eta, gailetak eta kafetxoa ez direla falta izaten aitortu dute irribarrez. Mokadutxoz mokadutxo eta kontuz kontu, lan ikusgarriak sortzen joan dira. Poltsak, parpailak, eraztunak, lepokoak, gortinak, azpikogonak, paparreko orratzak, exarpeak, zapiak, galtzariak, adur zapiak… Talde handia da Lekeitiokoa. Hamabi bat lagun hasi ziren jubilatuen egoitzako gela batean lanean, leku justuagaz. Jubilatuek ere eskulanak gela horretan egiten zituzten, eta Gabonak bueltan saloira pasatu behar izan ziren mahairik ere barik. «Beste inorentzako lekurik ez zegoen, eta, beraz, eskolagaz berba egin, eta Gabonak igarota bertara lekualdatu ginen». Horrela, jende gehiagorentzat lekua edukita, taldea handitzen hasi zen.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Begoña Oiarbide irakasleak eman ditu Lekeitioko eskolak hasieratik. Bermeoko Erroxape elkartean ikasi zuen berak. «Bermeora etortzen zen neskak utzi egin zion eskolak emateari, eta Bilbora joan nintzen beste bategaz batera». Ikasturte bi Bilbon egin ondoren, Bermeoko taldea irakasle barik gelditu zen, eta irakasle bezala hasteko konbentzitu zuten. Hala, Bermeon hasi eta apurka-apurka herriak gehitzen joan zitzaizkion. Mundaka, Gernika-Lumo, Lekeitio. Horrez gain, Santutxun eta Zaldibarren ere ematen du. «Etxean bezala egoten gara, ehoziriak elkartu gaitu, giro onean. Eskulan horrek taldea goxotu egiten du». Erakusketak. Hainbat topaketetan ere parte hartu dute, eta irteeraren bat edo beste egiten dute urtero ehoziri lanen azokaren bat ikustera. Lizarrako azokara eta Frantziakora joan dira, eta BECen egoten den eskulanen azokara ere bai. Inguruko herrietan ere erakusketak antolatu dituzte, Ibarrangelun eta Ispasterren eta Lekeitioko plazan ere egoten dira urtero. Doinua omen daukate ehoziriek, eta doinu horrek harrapatu ditu jada. «Hasi ginenean ehoziriak berba egiten duela esaten zigun irakasleak, berak esaten duela nora joan behar duzun. Baina guk ez genituela aditzen erantzuten genion». Tin-tin horrek diona ulertzen dute orain.