Jon Barrenetxea Golzarri mungiarrak irabazi du Mutrikuko 36. Atxukale Txirrindu Saria. Gastronomia Baska-Avia txirrindulari taldeko kidea izan zen zapatuan [martxoak 17] helmugara iristen lehenengoa. 87 kilometroko ibilbidea osatzeko
02:14:43 denbora behar izan zuen.
Ohi bezala Jose Mari Altzibar hiribideko aldapan gora amaitu zen proba, euripean, eta bertaratu zirenek
sekulako bukaera ikusteko aukera izan zuten. Biribilgunetik hasi eta helmugara arteko azken metroetan ihesi zetozen 11 laguneko tropeltxoak egin zuen etapa irabazteko ahalegina, baina hiru izan ziren helmuga denbora berean gurutzatu zutenak. Pablo Gutierrez (Isidoro San Justo) eta Ivan Cobo (Aseguras-Indupime) kantabriarrak izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, helmugan.

Jon Barrenetxea helmugan sartzen
Txirrindulariez gain,
euria eta hotza izan ziren eguneko protagonista. 87 kilometroko ibilbidea bera ere nahikoa zaila eta gorabeheratsua izan zen, eta proba hasi zuten junior mailako 40 taldeko 174 txirrindularitik 121k amaitu zuten zirkuitua. Antolatzaileek adierazi dutenez, Kalbaixo jaistea izan zen probaren zatirik zailena eta arriskutsuena. Hala ere, inguru horretan ez zen aparteko arazorik sortu, ezta ibilbidean zehar ere. “Txirrindulariek Kalbaixo bitan jaitsi behar izan zuten. Errepide hori nahikoa arriskutsua da aldapa behera, eta are gehiago euriarekin. Hala ere, pozik gaude ez zuelako euri askorik egin”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Taldekako sailkapenari dagokionez, bestalde,
Ekin taldea izan zen lehenengoa. Loiumat eta Isidora San Justo izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Mendiko sailkapenean, berriz, Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria izan zen onena. Gauza Renat a Car taldeko Markel Rodriguez bigarren izan zen, eta Baque-Ideus BH taldeko Markel Rodriguez hirugarren.
Aniceto Uranga gogoan. Proba hasi aurretik, ordea, urtarrilean zendutako Aniceto Uranga Berasaluze
Txorixa gogoan izan zuten. Minutu bateko isilunea egin zuten Atxukale txirrindulari taldeko ohorezko presidentearen omenez. 1980ean kluba sortu zenez geroztik presidente izan zen Uranga. “Atxukale sariaren antolatzaile izan zen sorreratik. Joan zen urtean bidegurutzea zaintzen egon zen 83 urterekin, besteak beste”, azaldu zuen Alberto Gorritibereak, proba hasieran.
Proba bukaeran, berriz, sari banaketa egin zuten Goiko Plazan. Eta sari banaketa egitearekin batera, bizikletaren zozketa ere egin zuten. Zenbaki saritua 1032 zenbaki izan zen. Eta saria Asier Basterretxea
Katxo-ri egokitu zitzaion.