Arretxinagako baselizaren edertasuna goitik ere miretsi ahalko da laster. Koruko
baranda sendotzen ari da egunotan Markina-Xemeingo Udala, eskailerak eta korua publikoari
zabalik egon ahal izateko.
“Segurtasuna bermatuta baselizaren beste ikuspegi bategaz gozatu ahalko du jendeak, ikuspegia guztiz aldatzen da eta”, azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak. Eskailerak ere oso politak direla azpimarratu du Txurrukak, eta bai korua bai eta eskailerak ere, balioan jarri nahi dituztela esan du, monumentuaren parte bezala.
Arretxinagako baselizako korutik dagoen ikuspegia.
Korua zabaltzea baina, ez da udalaren asmo bakarra. Baseliza guztiz txukunduta gelditzea nahi dute, hori dela eta, baseliza horren berezi egiten duten orain dela berrogei bat milioi urtetako hiru
harkaitz handiak ere garbituko dituzte, pilatu duten hautsa kenduko diete. “Begirunez egin beharreko lana da, hori dela eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza Sailera jo genuen, zelan egin genezakeen jakiteko”, argitu du alkateak.
Garbiketa proiektua abian daukate jada, eta aurrekontuak aztertzen dabiltza. “Ondare baliotsua izanda gauza asko eduki behar dira kontuan garbiketa zuzen egiteko”.
Museoa. Bestalde, baselizako sainduen irudiak ere
zaharberritzen ari dira. Migel Deunaren jatorrizko irudi zaharra eraberritzen ari dira une honetan, eta egunotan bere ordez harrien erdian dagoen Mikel Deunaren irudia ere zaharberritu dute bai eta Madalenarena ere. Hiru horiek Arretxinagan geldituko litzateke, baina koruan gordeta egon diren beste lau sainduren irudiak eta Santa Apoloniaren koadroa Xemeinen sortu nahi duten museora eramango dituzte. Izan ere, Eleiz Museoagaz batu da udala eta Xemeingo elizako beheko partean museo bat zabaltzea pentsatu dute. Elizaren koruaren azpian kokatuko litzatekeen museo horretan ikusgai jarriko lituzkete Xemeingo arte ondarea eta Arretxinagakoa. “Lehenengo artelanak garbitu eta zaharberritu egingo lirateke eta gero museora eraman”.
Arretxinagako koruan dauden irudietako batzuk.
Eleiz Museokoak artelanak ikusten egon zirela aitatu du alkateak eta lan interesgarriak zeudela esan zieten. “Xemeingo arte ondareagaz zer egin pentsatzen ari ziren eta bien artean proiektu hau aurreikusi dugu”. Egitasmoa aurten gauzatzea espero du udalak.