Familia zaintzaileei laguntza psikologikoa emango die Lea-Artibai Amankomunazgoak
Amankomunazgoak zehaztu duenez, menpeko pertsonak zaintzen dituzten familiakoei hamabost egunetik behin eskainiko dizkiete laguntza saioak. “Saioak Bizitzen elkarteko psikologo batek gidatuko ditu, eta senideen arazoak partekatu, zeintzuk gauza dituzten komunean, nola sentitzen diren eta arazoei nola aurre egin landuko dute”.
Rakel Elu Bengoetxea Amankomunazgoko presidenteak dioenez, askotan, “inolako espezializaziorik ez duten” herritarrek zama handia jasan behar izaten dute. “Amankomunazgoaren asmoa da zama hori arintzen laguntzea”. Psikologoa gai horretan aditua dela diote, eta saioetan parte hartzen dutenen egoera hobeto ulertu eta erronkei nola aurre egin azalduko diela gaineratu dute. “Amankomunazgoak urteak daramatza ekimen honekin, eta familia zaintzaileek oso positibotzat baloratu izan dituzte horrelako saioak”.
Saioetan parte hartzeko, interesatuek euren herriko gizarte langilearekin elkarrizketatu beharko dira. Haren senideen baldintzak baloratuko ditu, horien araberako aholkua emateko. “Hitzordua norbere herriko gizarte zerbitzuen sailean eskatu behar da”.
Saio guztiak 17:00etatik 19:00etara egingo dira, ondoko lekuetan: Ondarroan Maskulo Etxean, Lekeition Jubilatuen Elkartean eta Markina-Xemeinen Amankomunazgoaren egoitzan (Patrokua Jauregia). Informazio gehiago nahi dutenek telefonoz deitu (94-616 85 58) ahal dute.
Saioen datak: apirilaren 10ean eta 24an Markina-Xemeinen, apirilaren 19an Lekeition, eta apirilaren 12an eta 26an Ondarroan. Saioak hiru herritak egingo badira ere, gainerako herrietako bizilagunek ere parte hartu ahal dutela esan dute.