Irrati txikietara ere heldu da ikerkuntza, garapena eta berrikuntza. Horren erakusle izan dira gaur [martxoak 24] Ondarroan egin diren
Arrosa Sareko irratien zazpigarren topaketak. Irrati txikien bereizgarriak albo batera utzi barik, garai berriekin batera eraberritzen ari direla argi utzi dute landu dituzten tailerretan.
Egun osoko egitarauaren bitartez irratigintzan praktikoak diren gaiak landu, baina batez ere irratietako kideen arteko ezagutzak elkarbanatu dituzte. Software librearen erabilera irratian, ahozkotasuna, eskaleta bat zelan egin edo herri hedabideen funtzioa aztertu dituzte Radixu Irratian bertan eta Barnetegian egindako hitzaldi eta mahai inguruetan.
Gaurko ekimenen artean interes handiena eragin du
RadioCloud automatizazio-softwarearen aurkezpenak. Irratiaren funtzionamendurako atal guztiak barneratzen dituen programa bat eratu du Radixu Irratiko
Aritz Oleak, eta programaren nondik norakoak azaldu dizkie Ondarroako irratian bildutako guztiei. Irrati txikiek ere, eraberritze bidean, pauso handiak eman ditzaketela argi utzi du ondarrutarrak.

Aritz Olea RadioCloud softwarea azaltzen Radixu irratian.
Ezagutzak partekatzeko, baina bai eta jai giroan jarduteko aukera ere eman du gaurko jardunaldiak. Gaztetxea izan da horretarako bilgunea. Bazkaria, kuña lehiaketako sari banaketa eta karaokea ere izan dituzte bertan.
Deialdia publiko orori zabalik bazegoen ere, irratigintzan diharduten Euskal Herriko irrati askotako ordezkariak batu ditu batez ere, gaurko ekimenak. Oreretako
Zintzilik, Markina-Xemeingo
EUP!, Gasteizko
Hala Bedi, Zarauzko
Arraio,
Info 7 Irratia eta Bergarako
Txapa irratietako ordezkariek, besteak beste, ez diote 7. topaketari hutsik egin. Anfitrioi lanetan jardun dute, Ondarroako
Radixu Irratikoek.