Bilboko Basque Fest jaialdian izango da Geoparkea
Beste urte batez, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da. Jaialdia bihartik [martxoak 28] apirilaren 1era egingo da Bizkaiko hiriburuan.
Geoparkeko ordezkariek adierazi dutenez, Gourmet Txoko deritzon espazioan erakusmahai bat izango du Geoparkeak, Bilboko Areatzan bertan jarriko den karpa handian. “Geoparkearekin batera, Euskadiko beste eskualde batzuk ere bertan izango dira euren eskaintza ezagutarazteko. Espazio hau irekita egongo da martxoaren 29an, 30ean eta 31n, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara”.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hain zuzen ere, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako erakargarri turistikoak emango ditu ezagutzera, urte osoan eskaintzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen berri ere emanaz. “Denera, hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko”. Gainera, Basque Fest jaialdiaren baitan, Geoparkeak bisita gidatuak zozkatuko ditu bere erakusmahaira hurbiltzen diren bisitarien artean. Zozketak egunero egingo dira 14:30ean eta 19:30ean.