Etxanizek eta Arrizabalagak bigarrengoz irabazi dute Emakume Master Cup
Etxebarritarrak eta gernikarrak «uste baino errazago» irabazi dutela diote. Azaldu dutenez, aurkariak nekatzea izan dute finaleko estrategia: «Nekatu ostean, akats asko egin dituzte»Patri Espinar usansoloarrari eta Eneritz Arrieta azkoitiarrari 22-...
Etxebarritarrak eta gernikarrak «uste baino errazago» irabazi dutela diote. Azaldu dutenez, aurkariak nekatzea izan dute finaleko estrategia: «Nekatu ostean, akats asko egin dituzte»
Patri Espinar usansoloarrari eta Eneritz Arrieta azkoitiarrari 22-7 irabazita, Emakume Master Cupeko binakako txapelketako Lehen Mailako bigarren txapela jantzi zuten domekan Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak. Izan ohi duten mailan jokatuz gero, irabazteko aukerak bazituztela aurreikusten zuten, baina ez zuten espero horrelako alde handiagaz irabazterik. «Tanto borrokatuak egon ziren, baina uste baino errazago irabazi genuen», azaldu du Etxebarriko pilotariak.Espinarrek lehen bi tantoak egin bazituen ere, Etxaniz eta Arrizabalaga nagusitzen joan ziren apurka-apurka. Launako berdinketaren ostean, errenkadan egin zituzten tantoak. Eneritz Arrieta atzean nekatu eta Patri Espinarri aurrean jokorako aukera gutxi uztea izan zen etxebarritarrak eta gernikarrak erabilitako estrategia, eta primeran atera zitzaien. «Nekatu egin ziren, eta, ondorioz, akats asko egin zituzten. Atzelariari laguntzeko ahaleginetan ibili zen Patri, eta pilota asko galdu zituen».
Final handia izan zen herenegun Eibarko Astelena frontoian jokatutakoa, eta tanto gogorrak, luzeak eta lehiatuak egon ziren. Lehiaren joera aldatzen ere saiatu ziren Espinar eta Arrieta posizioak aldatuta, baina alferrik, gorriak ziren nagusi herenegun.
Hirutik hiru Etxanizentzat
Jokoan egon diren Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko txapel guztiak, hirutik hiru, irabazi ditu Leire Etxaniz pilotari etxebarritarrak. Binakako eta banakako txapelak jantzi zituen iaz, eta herenegun gorde zuen hirugarrena, beste biak gordeta dituen armairu berean. Pozik dago Etxaniz azken garaipenagaz, baina batez ere pilotazaleen erantzuna azpimarratu du. «Frontoia bete egin zen, eta kanpoan ere gelditu ziren 150 bat inguru, hori pozgarria da benetan».
Finalera helduta irabaztea dela helburua azaldu du Etxebarriko pilotariak, eta bigarren garaipen hori ere «oso pozgarria» izan dela aipatu du. Domekakoa, beraz, egun borobila izan zen bi pilotarientzat.