M8ko arrakasta ikusita, emakumeek elkarlanean jarraitzeko asmoa dute
Bermeoko eta Gernika-Lumoko emakumeak greba feministari buruzko balorazioa egiteko batu dira. Bi herrietako momentu hunkigarriak gogora ekarri dituzteMartxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egiteko batu dira Bermeoko eta Gernika-Lumoko emakumeak. ...
Bermeoko eta Gernika-Lumoko emakumeak greba feministari buruzko balorazioa egiteko batu dira. Bi herrietako momentu hunkigarriak gogora ekarri dituzte
Martxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egiteko batu dira Bermeoko eta Gernika-Lumoko emakumeak. Bi herrietako emakumeek grebaren «arrakasta» nabarmendu dute, eta elkarlanean jarraitzeko asmoa ere agertu dute.Sektore ezberdinetako emakumeak batu ziren greba eguna antolatzeko Bermeon, eta horietako asko batu dira berriro balorazioa egiteko. «Martxoaren 8an gure aurreikuspen onenak ere gainditu ziren», azaldu dute Bermeoko emakumeek. Goizeko mobilizazioan 1.300 lagun inguruk parte hartu zuten, «gehien gehienak emakumeak, eta adin guztietakoak». Neska gazte askoren parte hartzea nabarmendu dute, «pozgarria» dela iritzita.
Emozio une asko egon zirela aipatu dute, esaterako, Goiko Plazatik eta Salicatik ateratako kalejirak batu zirenean, institutuko gazteek eta irakasleek bat egin zutenean, Taraskari gazteek loreak eta besoko morea jarri zizkiotenean edota turrunak eta kanpaiak jo zituztenean.
Martxoaren 8ak feminismoaren izen ona zabaltzeko balio izan duela uste dute, bai eta horren alde egindako lana ikusarazteko eta estereotipoak gainditzeko ere.
Bermeon, gainera, emakumeen arteko aliantza berriak lortu dituztelako «pozik» agertu dira, eta aurrerantzean elkarrekin lan egiteko aukerak zabaldu dituzte. Lan asko egin dutela diote, eta hobetzeko batzuk ere identifikatu dituzte, «datorren urtean emakumeen plantoa handiagoa izan dadin». Elkarrekin indar handia daukatela erakutsi dutela esan dute. Aurrerantzean batera egingo dituzten zenbait lan ere zehaztu dituzte. Modu horretan, Euskal Herrian emakumeen aurkako eraso larriren bat edo hilketaren bat dagoenean, mobilizaziorako deia egingo dute.
Udalak, gainera, Berdintasun Plana egingo duela gogorarazi dute, eta parte hartzera gonbidatuta daudela diote. Bestalde, tertuliak, kanpainak… antolatzeko asmoa agertu dute; lehenengo tertulia apirilaren amaieran egingo dute. Hain zuzen ere, Denok izan beharko ginateke feministak liburuari buruzko tertulia izango da.
Batzar irekia
Gernika-Lumoko eragile ezberdinetako emakumeak zein norbanakoak bildu ziren Astran joan den eguenean, eta bilera «hunkigarria» egin zuten. Emakumeen Eguneko arrakasta ikusita, elkarlanean jarraitzeko eta eraldaketa feminista bideratzeko asmoa agertu zuten.
Emakume bakoitzak bere iritzi zein sentsazio propioak aurkeztu zituen batzarrean, Emakumeen Egunaren inguruko balorazio positiboa eginez. Bileran emoziozko sentimenduak nagusitu zirela azaldu dute antolakuntzakoek: «Bildutako emakume bakoitzak bere sentsazioak azaldu zituen, barruan geneukana atera genuen, eta eguna nola bizi izan genuen azaldu». Oso batzar «berezia» eta «hunkigarria» izan zela aitortu dute.
Martxoaren 8an bertan bizitako momentu azpimarragarriak nabarmendu zituzten: «Zaintzaileen lana balorean jartzearen inguruan hitz egin genuen, bi zutabeek bat egin zuten uneaz ere aritu ginen, eta goizeko ekitaldia emozioz betetakoa izan zela azpimarratu genuen».
Euskal Herrian eta Gernika-Lumon egun «historikoa» izan zela adierazi dute antolatzaileek. «Emakume guztiok batuz gero zelako indarra eduki ahal dugun ikusi genuen martxoaren 8an. Gauzak aldatzea gure esku da-go».
Kalean ikusi zen jendetza ikusita, «aurrera egin behar» dela uste dute. Eraldaketa feminista gauzatzeko mahai ingurua egitea beharrezkoa dela ikusi zuten: «Noranzko bidea hartu behar den erabaki behar da, baita testuinguruaren azterketa egin, eta jorratu beharreko lehentasunak zeintzuk diren ikusi ere». Hori bideratzeko, eragile zein norbanakoiei zuzendutako deialdi irekia egingo dute apirilaren 12an, 19:00etan, Astran.