Herri kirol desafio eta guzti datoz Mutrikuko Galdona auzoko jaiak
Pazko Txiki jaiak ospatzeko prest daude Mutrikuko Galdona auzoan. Ohi modura, astelehenean [apirilak 2] ospatuko dute jaietako egun handia, eta egingo diren ekimenen artean herri kirol desafioa izango da horietan deigarriena. 18:00etan hasiko da herri kirol jaialdia, taberna aurrean. Josu Urbieta harrijasotzaileak hiru harrirekin egingo du lan saioa, eta, ondoren, aizkora eta korrika dueloa egingo dute. Ugaitz Mugertzak aizkolariak Aratz Mugertza aizkolariak eta Aimar Aierbe korrikalariak osatutako bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak. Sei kanaerdi moztu eta bi kilometroko zirkuitua bete beharko dituzte korrika.
Astelehenean Galdonara gerturatzen denak, oro har, egun ederra igarotzeko aukera izango du. Urteroko ohiturei jarraituz, 12:00etako mezarekin hasiko dira ospakizunak, eta ondoren, MaƱukorta eta Seberio bertsolarien saioak bazkal aurreko uneak alaituko ditu. Arratsaldean, berriz, Gorritiren animalien saio berezia egingo da herri kirol erakustaldia amaitu orduko. Eta eguna amaitzeko, arkumearen zozketa egingo dute.
Egun handia Pazko astelehenean ospatuko baldin badute ere 44. Tute txapelketa eta 4. mus txapelketa egingo dituzte barikuan [martxoak 30] eta zapatuan [martxoak 31], hurrenez hurren, 16:30ean.