Mutrikuko EH Bilduk dio aurrekontua "herritarrak kontuan hartuko gabeko langitza" dela
Mutrikuko EH Bilduren zinegotziek adierazi dutenez, onartu berri den aurrekontua eta Mutrikuko Udalean eztabaidatzen diren beste hainbat gai “herritarrak kontuan hartu gabeko langitza” dira. Eta arrazoi horregatik, ezezko botoa eman diote aurtengo aurrekontuari. EH Bilduren zinegotzien esanetan, herritarrek zuzenean eskatua ez bada ez da herri bilerarik egiten, ez eta informaziorik ematen ere. “Herritarrekin parte hartze prozesu erabakitzaileak bultzatu beharrean, udaletxe honetako geletan hartzen dira erabakiak…”.
Agertu dutenez, aurrekontua baloratzetik haratago, agintaldiko hiru urteen balorazioa egitea ere nahi izan dute. “Hau egitean, eskuin arruntaren jokabide zantzuak ikusi ditugu”. Euren iritziz, herri proiekturik gabeko jarduna dago.”Kanpoko proiektuei irtenbidea emanez udalak berak adostutako lerroak edo herritik bertatik sorturikoak ez dira bideratu. Azken hiru urte hauetan hainbat azterketa edo hausnarketarako proposamenak egin diren arren, ez dira bideratu”.
Bestalde, udalaren “kudeaketa ahula” ere azpimarratu nahi izan dute. “Udal batzarretan garbi ikus daitekeenez, alkatetzak agertu beharreko kudeaketa informazioa oso ahula izaten ari da. Eta, bestetik, azken hiru urte hauetan metatutako gerakinaren kopurua bi milioi euro inguru izateak zerbait adierazten du: aurreikuspen eza, kronograma eza, ausardia eza…”.
Aitortu dutenez, azkenik, kudeaketa partekaturako prest azaldu dira, agintaldiaren hasieran planteatu bezala. “Nahiz eta badakigun, EAJrentzat ez dela gustuko planteamendua eta B+Ik ere ez duela interes berezirik honetan”.