Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketa hasiko da gaur arratsaldean
Gaur eta bihar lehiatuko dituzte lehenengo bi jardunaldiak, eta apirilaren 27an jokatuko dituzte finalak. Gazte mailan, zazpi pilotarik parte hartuko dute, eta nagusien mailan, hamabikGaur hasi eta apirilaren 27ra arte jokatuko dute X. Barikuetan Jai A...
Gaur eta bihar lehiatuko dituzte lehenengo bi jardunaldiak, eta apirilaren 27an jokatuko dituzte finalak. Gazte mailan, zazpi pilotarik parte hartuko dute, eta nagusien mailan, hamabik
Gaur hasi eta apirilaren 27ra arte jokatuko dute X. Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketa. Aurreko urteekin alderatuta, pare bat berrikuntzagaz dator.Aurten ere, Eguen Santu eta Bariku Santu egunetan lehiatuko dituzte lehenengo partiduak. «Herrian jende gehiago dagoela aprobetxatu gura dugu, bertokoek zein kanpotik datozenek kiniela motako zesta ikus dezaten», azaldu dute Edorta Basterretxea eta Gonzalo Beaskoetxea Jai Alai Eskolako arduradunek.
Gazte mailan, zazpi parte hartzaile egongo dira, eta nagusien mailan, hamabi ariko dira zein baino zein gehiago. 19:00etan hasiko da gazteen kiniela, eta 20:00ak aldera nagusiena.
Gazte mailako puntistak bakarka lehiatuko dira orain arte bikoteka aritzen ziren. «Bat baten kontra ariko dira. Zenbakiak 1etik 7ra edukiko dituzte. Euretako hiru berriak dira; kadeteak dira, federatuak, eta horiek ere aukera izatea gura izan dugu».
Denak gernikarrak izango direla jakitera eman dute antolatzaileek: «Gure lana gure mutilak aurrera ateratzea da, eta maila oso altua daukagula ikusten dugu».
Gazte mailako parte hartzaileen artean, lau oso onak direla azpimarratu dute. Esate baterako, Urko Lekerikak eta Iñigo Undak Euskadiko txapela irabazi dute. «Eurekin ibili diren Ibon Urrutxuak eta Aritz Arratibelek ere txapelketa oso ona egin dute. Lau gazte horiek maila oso altua daukate».
Nagusi mailako parte hartzaileen artean daude Gonzalo Beaskoetxea eta Mikel Manzisidor puntista ezagunak. «Beaskoetxea profesionala da, eta eskolako mutilei lagunduko die. Luxua da profesional bat kiniela jokatzen edukitzea. Manzisidor ere profesional izateko bidean egon zen, eta joko oso ona dauka».
Sarrera, doan
X. Barikuetan Jai Alai Amerikar Kiniela Txapelketan sei funtzio egongo dira, eta sarrera doakoa da. Aste honetan funtzio bikoitza izango dute (bihar eta etzi), eta hurrengo lau barikuetan lehiatuko dituzte gainontzekoak. Hortaz, apirilaren 27an jokatuko dituzte finalak.
Betiko moduan, funtzio bakoitzean askotariko produktuez betetako Eusko Label otzara bana zozkatuko dute. «Giro onik ez da faltako. Publiko zaletuari hurbiltzeko gonbidapena luzatzen diogu, jolas bizi eta aldakorraren tentsioaz gozatzeko».