Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak, Eneritz Basurko EH Bilduko zinegotziak eta Maria Dolores Etxano EAJko zinegotzi eta senatariak Ibon Iparragirre Burgoa bisitatu dute. Urtarrilaren amaieran lekuz aldatu zuten preso ondarrutarra Arrasateko Aita Menni ospitalera, eta orduz geroztik jaso duen
lehen bisita ofiziala izan da.
Udal ordezkaritzak azaldu duenez, bisita aurreko eguenean [apirilak 5] egin zuten, presoaren egoera zein den zuzenean ezagutzeko helburuarekin. Zehatz esanda,
bi orduko bisita egiteko aukera izan zuten hiru ordezkariek. “Medikatuta dago, eta nahikoa makal ikusi genuen”, azaldu du Zunbeltz Bedialaunetak. Azpimarratu dutenez, bisita horregaz Iparragirreren egoeraren jarraipena egin nahi izan dute zinegotziek, eta berriro ere bisitan joateko asmoa ere agertu dute.
Ondarroako udal zinegotziak, Aita Menni aurrean. Ezkerretik eskumara: Maria Dolores Etxano, Zunbeltz Bedialauneta eta Eneritz Basurko. Argazkia: Ondarroako Udala
Bere sasoian Ondarroako udalbatzak Iparragirreren inguruko mozioa onartu zuen, eta bertan “presoaren gaixotasunari behar bezalako jarraipena egitea” adostu zuten. Adierazi dutenez, hasiera batean Alcala Mecoko presondegian bisitatzeko asmoa zuten, baina kasu hartan
bisita egitea ukatu egin zien Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak. “Bisita egiteko asmoa aurretik hartuta bagenuen ere, Alcala Mecon egitea ez genuen lortu. Batez ere bere egoera zein den zuzenean ezagutu nahi izan dugu”.
Aitortu dutenez, gainera, ez dute ulertzen Iparragirre zergatik ez duten oraindik etxeratu. “Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako arduradunak hiru mediku txosten ditu mahai gainean, baina oraindik ez dute etxeratzeko erabakirik hartu. Aita Menni ez dela Iparragirrek egon behar duen lekua, etxean baino. Alcala Mecon baino hobeto baldin badago ere, ez dugu ulertzen Aita Mennin zelan jarraitzen duen. Bere egoeran, gainera, psikiatria unitate bat ez da tokirik egokiena”.