Mutrikuko udalbatzaren osoko bilkuretan herritarren parte-hartzea bermatuko lukeen araudia onartua baldin badago ere, herritarrek
eskubide hori erabili ahal izateko aukerarik ez dutela ohartarazi dute EH Bilduko zinegotziek. Salatu dutenez, araudia duela 10 hilabete onartu bazen ere, udalean gestiogintzan ari direnen aldetik ez dute “inolako asmorik edo gogorik somatzen”.
Horrez gain, herritarrek osoko bilkurak edozein lekutatik zuzenean ikusteko eskubidea izatea aztertzea ere eskatuko dute apirilaren 26ko udalbatzaren osoko bilkuran.
EH Bilduk bilera informatiboa antolatu du, herritarrengandik iritziak eta proposamenak jasotzeko
Bestalde, aurrekontuko gerakinaren gaiarekin ere bueltaka ari direla ere azaldu dute, “ea adostasunen bat lortu daitekeen ahaleginduz”. “2017ko
gerakina 820.000 euro ingurukoa da, eta, egia esan, hainbat diru partida erdi adostuta dauzkagun arren, uste dugu diru zati bat herritarren eskuetan utzi beharko litzatekeela, zein inbertsio mota egin erabakitzeko”.
Gai horiek kontuan hartuta, herritar guztientzako bilera irekia antolatu du Mutrikuko EH Bilduk, Luardo Etxean, etzi [apirilak 11], 19:00etan. Bilera horren helburua informazioa ematea litzateke, eta bide batez, herritarrengandik iritziak eta proposamenak jasotzea.