Asteburuan denboraldiko lehen proba jokatu dute Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak. Kirol egokituan aritzen diren ondarrutarrek
Espainiako Tiro Olinpikoko Txapelketaren finalean parte hartzeko puntuagarria den proban parte hartu dute Cantoblanco-ko tiro galerian (Madril, Espainia).
Ondarrutarrek, hain zuzen ere, bi diziplinatan parte hartu dute; euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian eta 60 tiro etzandako kategorian. Denboraldiko lehen probari dagokionez, Solabarrieta eta Badiola
helburuak beteta bueltatu dira. Zutikako kategorian lehen postua lortu dute, eta etzandakoan, berriz, bigarren amaitu dute.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola, Kai txakurragaz. Argazkia: Ager Solabarrieta
Solabarrietak nabarmendu duenez, pozik bueltatu dira, ondo bota dutelako. Hala ere, beti ere zerbait hobetu daitekeela ere azaldu du. “Zutikako modalitatean 13-15 bat tiro ez nituen hain onak bota. Eta etzandakoan, berriz, ondo aritu banintzen ere zer hobetu badagoela uste dut”.
Beste txapelketa batzuetan. Espainiako txapelketarako hurrengo proba puntuagarria udazkenean izango da, baina, bien bitartean, beste hainbat probetan parte hartuko dute ondarrutarrek. “Beste txapelketa batzuetan parte hartzeko gonbitea egin digute”.
Apirilaren 21ean Logroñora joango dira, eta 28an, berriz, Madrilera, “jendeak ezagutzeko”. “Aurten ere uzten diguten txapelketa guztietan parte hartzeko asmoa daukagu. Izan ere, ikusmen urritasuna dugunok ere integraziora bidean lana egin behar dugu”.