Asiako liztorrak harrapatzeko tranpak jarri dituzte
Bermeoko Udalak Asiako Liztorren erreginak harrapatzeko 22 tranpa jarri ditu bigarren urtez, udalerriko 20 lekutan. Tranpa horiek maiatzaren hasierara arte mantenduko dituztela jakitera eman dute.Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziak adierazi due...
Amaia Elorza Bermeoko Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera urtero kontrol kanpaina bat jartzen du martxan liztor horien habiak kentzeko. Iazko kanpainan, esate baterako, 101 liztor erregina eta 270 liztor langile harrapatu zituzten. Hala, orduko arrakasta ikusita erabaki dute aurten ere aipatu neurriak hartzea.
Prozedura
Udalak herritarrengandik jasotako abisuak hartzen ditu, ikusketa bat aurrera eramanez habiak egiaztatzeko. Ostean, Basalaneko talde bat arduratzen da horiek kentzeaz. Sistema horren bitartez, 34 habia kentzea lortu zuten 2017an, baina aurton, tranpak jartzea erabaki dute neurri gehigarri bezala.
Elorzak azaldu duenez, «udazkenean jaiotako erreginak udaberri hasieran esnatu, eta habia berri bat sortzen hasten dira. Momentu hori aprobetxatzea oso garrantzitsua da, harrapatutako erregina bakoitzagaz kolonia oso bat ezabatzea lortzen delako».
Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariaren esanetan, sistema hori oso sinplea, selektiboa eta eraginkorra da. «Tranpa horien barruan likido erakargarri bat sartzen da, garagardo beltza, ardo zuria eta ahabi zukua, nahasturik, eta aurreneko urteetan liztorren habiak aurkitu diren lekuetan jartzen da zuhaitz batean eskegita. Erreginak tranpa barrura sartzen direnean, harrapatuta geratzen dira».