Altsasuko gazteei elkartasuna erakustera joateko dei egin dute
Euskal Herriko hainbat lekutatik moduan, Lea-Artibai eta Busturialdeko bizilagunak Iruñera joango dira zapatuan. Auzia «muntaia politikoa» dela salatuko dute beste behinApirilaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko gazteen epai...
Euskal Herriko hainbat lekutatik moduan, Lea-Artibai eta Busturialdeko bizilagunak Iruñera joango dira zapatuan. Auzia «muntaia politikoa» dela salatuko dute beste behin
Apirilaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko gazteen epaiketa, eta zapatuan manifestazioa egingo dute Iruñean. 17:30ean Golem zinema aretoetatik abiatuta, Gaztelu Enparantzaraino joango dira «justizia eske».Terrorismo delitua egitea egotzita dauden gazte nafarren kontrako auzia «muntaia politikoa» dela salatu dute behin eta berriro herritarrek, eta 2016ko urriaren 15eko gertaera ez zela terrorismoa izan aldarrikatuko dute, beste behin, zapatuko mobilizazioan.
Euskal Herriko udalerri askotatik Nafarroako hiriburura joateko autobusak antolatu dituzte, tartean, Lea-Artibaitik eta Busturialdetik. Hala, gazte altsasuarrak atxilotu zituztenetik hamaika elkarretaratze, manifestazio eta bestelako protesta ekintzak egin dituzte han eta hemen.
Zapatuko deialdiak ere erantzun zabala izan du jendartean. ELA, LAB, Steilas, CGT, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek Altsasuko gazteen auzia Nafarroako Auzitegian epaitzeko eskatu eta manifestazioagaz bat egitera deitu dute, bai eta Nafarroako Parlamentuak ere.
Altsasu Gurasoak auzipetuen senideen taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako mobilizazioaren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak; UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute.
Epaiketa
«Iruñeko epaitegian gaude gogorarazteko gertakari hauek falta delitu gisa epaitu beharko lituzketela, hemen, ez Madrilgo Audientzia Nazionalean», salatu zuen atzo Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak, zazpi sindikatuen izenean.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere hori adierazi duela gogorarazi zuen Iratxe Alvarez ESKko bozeramaileak. Izan ere, iaz, auzitegi horrek esan zuen ez zegoela terrorismo delitua leporatzeko zantzurik, eta, hortaz, auzia Nafarroan epaitu beharko litzatekeela.