Motrollo eta Urregarai mendietatik igaroko da 53. Ibilaldi Neurtua
Artibai Mendigoizale Taldeak neurtutako ibilaldia egongo da domekan. 26 kilometroko ibilbide luzea eta 10 kilometroko laburra egongo dira aukeran. Parte hartzea doakoa izango daArtibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, 53. Ibilaldi Neurtua egingo da dom...
Artibai Mendigoizale Taldeak neurtutako ibilaldia egongo da domekan. 26 kilometroko ibilbide luzea eta 10 kilometroko laburra egongo dira aukeran. Parte hartzea doakoa izango da
Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, 53. Ibilaldi Neurtua egingo da domekan, Markina-Xemein inguruetan zehar. Aurten ere, bi ibilbide jarri ditu aukeran herriko mendigoizale taldeak: 26 kilometroko luzea eta 10 kilometroko laburra.Ibilbide luzeko parte hartzaileek Markina-Xemeingo Arkupean hasiko dute ibilaldia, 07:30ean. Guztira, sei bat ordu eta erdian egiteko moduko ibilbidea izango dute aurretik, eta bi hornidura gune aurkituko dituzte bidean, lehenengoa Urriola auzoan eta bigarrena Santa Eufemiko zelaian. Egin beharreko bidea hurrengoa izango da: Markina-Xemein, Erdotzako ermita, Ikaztegi jatetxea, Zeinka auzoa, Gerrika auzoa, Motrollo (591m), Urriola auzoa, Zubero auzoa, Santa Eufemiko zelaia, Urregarai (704m), Larrus baserria, Ugarte dorrea eta Markina-Xemein.
Ibilbide laburreko parte hartzaileek Zubero auzoan ekingo diote bideari, bertara joateko, baina, autobusak jarriko ditu Artibai Mendigoizale Taldeak, eta, beraz, irteera ordua 09:00etan izango da Markina-Xemeingo autobus geltokitik. Aulestiko Zubero auzotik, berriz, 09:15ean abiatuko dira.
Ibilbide laburrekoek luzekoen azken zatia egingo dute Zubero auzotik hasi eta Markina-Xemeineraino. Santa Eufemiko zelaira igo, handik Urregaraira, eta Larrus baserriaren ondotik beherantz egingo dute, Ugarte dorrearen albotik Markina-Xemeingo erdigunera heltzeko.
Izena, aurretiaz
Urtero modura, ibilaldian parte hartzeko ez da ezer ordaindu beharko, baina antolakuntza errazteko izena aldez aurretik ematea eskatu dute antolatzaileek. «Hornidura eta autobus nahikoa egotea bermatzeko garrantzitsua da aurretiaz izena ematea», azaldu dute. Izena aldez aurretik emateko hiru modu egongo dira: amt@alpinoartibai.org.es helbide elektronikora idatzita, 605 712 937 telefono zenbakira deituta edo Alpinoren lokalean zein Loirats mertzerian izena emanda.
Hala ere, azken orduan parte hartzea erabakitzen dutenek ere, izango dute izena emateko aukera irteera gunean aurkituko duten mahaian. Ibiltari guztiek euren parte hartzea baieztatu beharko dute harrera mahaietan, eta ondoren hasiko dute ibilbidea. «Ibilbidearen informazioa eta kontrol markak egiteko orria hartuko dute bertan».
Domekako eguraldiaren aurreikuspena ona dela eta, jendea parte hartzera animatu dute.